Maizterrekin egindako akordioa betetzeko eskatu diote Alastuey Apartamentos enpresari
Ostegunean berriz mobilizatuko dira: manifestazioa egingo dute 19:30ean, Pinudi plazatik abiatuta.
Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak deituta, elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek astelehen goizean Grosen, Alastuey Apartamentos S.L. enpresaren egoitzaren aurrean. Alastuey Apartamentos S.L. zuen hitza bete! lelopean egin dute mobilizazioa, eta, hain zuzen ere, Groseko bi gazterekin egindako akordioa betetzeko eskatu diote enpresari. “Zuena jabetza, gurea auzodefentsa”, “Alastuey, entzun, zu zara errudun”, “Gure auzoan geratuko gara” eta “Alastuey zuen hitza bete” izan dira bota dituzten oihu nagusiak.
Izan ere, Saretxek duela bi aste salatu zuen auzoko bi gazte maizter, Beñat Arana eta Andoni Iriondo, etxerik gabe gelditzeko arriskuan daudela. Secundino Esnaola kalean bizi dira Arana eta Iriondo, eta salatu dutenez, aipatu enpresak, etxearen jabeak, ez du beraiekin egindako akordioa bete eta azaroaren 1erako etxea utzi behar dutela esan die. Bestalde, Iriondok mobilizazioan salatu duenez, etxejabeen eta beraien arteko harremana are gehiago gaiztotu da azken astean, kasua publikoki azaldu zutenetik. Azaldu duenez, larunbatean etxejabearen gertukoak Iriondoren eta Aranaren atarira joan ziren, eta maizterrak ateratzeko zain egon ziren, “presioa egiteko”. Bestalde, igandean, Iriondoren arabera, Aranaren gurasoen etxera joan ziren, helburu berarekin.
Hirugarren kide bat zuten lehen etxean, baina uztailean jabeari jakinarazi zioten hirugarren horrek etxea utziko zuela. Horrela, jabeak esan zien beste kide bat ez bilatzeko, eta alokairuaren bi heren ordainduko zituztela hortik aurrera: 1.200 euro ordaindu beharrean, 800 euro, alegia. Hori kontratu batean idatzi zuten jabeek, eta maizterrek sinatu bazuten ere, jabeek ez zieten kontratua sinatuta itzuli. Negoziazioetan ari zirela, iraileko kuota hiru egun berandu ordaindu zuten maizterrek, hain zuzen ere, negoziatzen ari zirenez, ez zekitelako zehazki zenbat ordaindu beharko zuten hilabete horretan. Orain, maizterrek diotenez, jabea ordainketaren berandutze hori baliatzen ari da, azaroaren 1ean etxea uztera behartzeko. Hedabide honek Arana eta Iriondo elkarrizketatu zituen joan den astean, kasuaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko.