513.000 euroko aurrekontua izango du Bidebieta eta Trintxerpe lotzeko bidegorriak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak eguneratu egin du Bidebieta eta Trintxerpe lotuko dituen bidegorriaren proiektua, eta aurrekontua 414.000 eurotik 513.360 eurora igo du (%26 gehiago). Hainbat proiekturekin gauza bera egiten ari da udala azken hilabeteotan, inflazioa dela eta, enpresak ez direlako lehiaketa publikoetara aurkezten ari.
2018. urteko Partaidetzazko Aurrekontuetan onartu zen aipatu bidegorria eraikitzeko proiektua, eta Endara Ingenieros Asociados S.L. enpresak idatzi zuen. Bidegorriak 455 metroko luzera izango du, eta 2,5 metroko zabalera. Azkuene kalearen ingurutik hasiko da eta Bidebietaren barrualdean bukatuko da, Juan XXIII.aren biribilgunearen inguruan. Tarte batzuetan galtzadan egongo da, eta beste batzuetan espaloian, eta lanak adjudikatzen direnean, lau hilabeteko epean egitea aurreikusten du udalak.