Antiguako Gau Beltza, arbasoen ohiturak berreskuratzeko festa
Arbasoen ohiturak berreskuratzeko Gau Beltza ospatuko dute Antiguan urriaren 31n, Jakintza ikastolak, Jakingura guraso elkarteak eta Loretope konpartsak antolatuta. Festa handia arratsaldean frontoian egingo badute ere, goizerako ere jarduera berezi bat antolatu dute ikastolako haurrentzat.
Lehengo urtean sortu zen Antiguan Gau Beltza ospatzeko ideia. “Jakintzako guraso talde bat ohartu ginen Gau Beltza pisua hartzen ari zela, eta erabaki genuen gure arbasoen ohiturak berreskuratzea egun horri indarra emateko. Orduan, Jakingura guraso elkarteak kopla bat sortu zuen lehengo urtean, eta festa txiki bat egin genuen. Baina ikusi genuen guztia festa txiki horretan gelditu zela, eta, aurten, festa hori zabaltzea erabaki dugu. Argi genuen gure ohiturak berreskuratzeaz gain, auzoak jai hori berrasmatu behar zuela, beti ere euskara sustatzeko eta auzo guztia inplikatzeko: eskolak, komertzioak eta auzotar guztiak”, azaldu du Leire Gorostidik, Jakintzako gurasoa eta Loretopeko kideak.
Antolatzaile guztiek egitasmoa adostu ondoren, ikastolan bi proiektu egitea proposatu zuten. Alde batetik, HH5ekoak eta LH3koak paperezko kalabazak margotzen ari dira. “Gogoratu gure arbasoek ez zutela argindarrik, eta kalabazak erabiltzen zituztela lanpara gisa. Gainera, negura begira egiten den festa bat da, eta uzta bilketarekin erlazionatzen dugu”, adierazi du Gorostidik. Paperezko kalabaza horiek auzoko komertzioetan jarriko dituzte gurasoek, eta urriaren 31n haurrek beraien eskulanen bila joan beharko dute auzoko dendetara. “Dendara sartu beharko dira, eta dendariari galdetu beharko diote ea beraien kalabaza bertan dagoen. Horrela bada, musika irakasgaian lantzen ari diren eske esaldi baten truke, dendariak sari txiki bat emango die”, azaldu du. Honakoak dira esaldiak: Xanduli manduli, kikirriki eman goxokiak guri; Sosa ala pota; Ziria ala saria eta Txingila mingila kurruskario, sagarrak merke eta udareak kario.
Horrez gain, LH5 eta LH6ko ikasle talde batek jolasak sortu dituzte arratsaldean egingo duten festarako. “Pozik daude egin duten lanarekin, eta armiarma batzuk ere egin dituzte sari gisa. Egunean bertan gainerako haurrei laguntzen arituko dira, eta motibatuta daude jolasei forma ematen ibili direlako”, esan du. Jolas horiez gain, photocalla, aurpegi margoketa eta beldurraren txokoa izango dira festan. Gainera, 18:00etan txokolate jana egingo dute, eta 19:00etan gaztaina erreak jango dituzte.
Koplaren aurkezpena
Gaztainak jan baino lehen, ordea, lehengo urtean Jakingura taldeak asmatu zuen koplaren aurkezpena egingo dute, 18:30ean. “Kopla iazkoaren berdina bada ere, modu politago batean prestatu dute aurten. Umeek abesten duten bideo bat grabatu dute, eta musikako irakasleek ere hartu dute parte. Gainera, LH3koek egindako txotxongiloak ere agertzen dira bideoan, eta txotxongilo horiek ere komertzioetan jarriko ditugu”, jakinarazi du. Kopla auzotar guztientzat asmatu dute, eta jende guztia animatu nahi dute Gau Beltzaren inguruko abestia ikastera. Jarraian ikus dezakezue grabatu duten bideoa: