Boluntarioak behar dira Donostiako etxegabeen zenbaketa egiteko
Urriaren 26tik 27rako gauean, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-bazterketa larriari buruzko azterlan berri bat egiteko datuak bilduko dituzte 23 udalerritan, Donostia barne. Aurreko urteetan bezala, boluntarioak behar dira etxerik gabeko pertsonak zenbatzeko lanetan.
Eusko Jaurlaritzaren azterlan bat da. Bi urtean behin egiten da, eta udalek zuzentzen dute. Donostian, udalak SOS Arrazakeria, Caritas, Gurutze Gorria eta antzeko erakundeekin elkarlanean egingo du. Lan honen helburuak honako hauek dira: etxerik gabeko pertsonen kopuruari, ezaugarriei eta premiei buruzko ezagutza hobetzen laguntzea, herritar guztiak etxegabetasunaren arazoaz sentsibilizatzea, herritar horiek desestigmatizatzen laguntzea eta arreta etxebizitza eskuratzeko zailtasunetan jartzea.
Adin nagusikoa izan behar da boluntario gisa parte hartzeko, eta interesa duenak esteka honen bidez eman dezake izena.