Donostiak "norabide aldaketa" behar duela esan du Reyes Carrerek
EH Bilduko bozeramailea kritiko azaldu da udal gobernuarekin, Politika Orokorreko udalbatzarrean.
“Donostiak norabide aldaketa behar du. Donostiarrak kezkatuta daude Donostian etxebizitza bat erostea edo alokairuan hartzea ezinezko bihurtu delako. Kezkatuta daude, turistifikazioaren ondorioz, arrotz sentitzen direlako beren hirian”, adierazi du Reyes Carrerek.
Norabidea “zuzendu” behar dela gaineratu du, eta donostiarren kezka Eneko Goiak alkateak azken zazpi urteotan egindako politikaren lotu du. “Zu zara hotelen ugaritzearen alkatea, ilegalak ziren etxebizitza turistiko asko legeztatu dituena eta Parte Zaharra parke tematiko bihurtu duena”.
Etxebizitzaren arazoari dagokionez, Carrerek esan du alkateak “etengabe” ukatu duela, esanez “betiko arazoa” dela. “Etxebizitzaren arazoaren aurrean, zer? Lehenik, arazoa, gordintasun osoz, onartzea. Ez da posible, Eneko Goiak behin eta berriz egin duen bezala, arazoa ukatzea. Donostiak ezin du izan, etxebizitza kontuetan, errealitatea ukatzen duen alkate bat”. Lehenik, eraikuntza sustatu behar dela uste du EH Bilduko bozeramaileak: “Gure udal taldeak milatik gora etxebizitzaren eraikuntza babestu du agintaldi honetan. Hori bai, sustapenetan, babes ofizialeko etxebizitzak %50 izatea da gure irizpidea, gutxieneko legaletik gora”.
Turismo eredua eta mugikortasuna
Carreren ustez, Donostiak egun duen turismo eredua ez da jasangarria. “Horren aurrean, politika horiek zuzendu beharrean, EAJk eta PSE-EEk kanpaina bat abiatu dute turismoarekiko pertzepzio ezkorra aldatzeko”.
Mugikortasunaz ere aritu da, eta galdetu du ea nork dakien zer den udalaren Datorren Donostia egitasmoa. Horrez gain, Erdialdeko lur azpiko aparkalekuen “korapiloa” askatu behar dela adierazi du: “Epe ertain eta luzera beste erabilera batzuk planifikatu behar da; bidegorri sarea indartu behar da; disuasio parkingak ere behar ditugu; eta auzoetako mugikortasuna hobetu”.
Bukatzeko, EH Bilduk Euskal Herri mailan aurkeztu duen Ongizate Hitzarmenari erreferentzia egin dio. “Donostiarentzako gure eskaintza hori bera da: norabide zuzenketa bat eta hitzarmen bat; hain zuzen ere, donostiarren ongizatea bermatzeko. Donostiak eta donostiarrek merezi eta behar dutelako”, azaldu du Carrerek.