Eguzki eklipsea ikusi ahalko da goizean Donostiatik

Eguzki eklipse partziala izango da gaur, hilaren 25ean, eta Donostiatik ikusi ahal izango da, goizean. 11:33ean hasiko da eklipsea, eta 12:42ean bukatuko da, baina aurreikusten da eklipsea ikusteko unerik onena 12:07ean izango dela. Gogoratu behar da eguzki eklipsea noizean behin gertatzen dela, eta ilargiak eguzkiaren argia estaltzen duenean gertatzen dela. Gaurkoa partziala izango da, ilargiak ez baitu eguzkia osorik estaliko; hain zuzen ere, Donostiatik eguzkiaren %10 eskas ikusi ahalko da estalita. Hala ere, zerua lainotuta baldin badago, zaila izango da eklipseaz ondo gozatzea. Europako beste leku batzuetatik estaliagoa ikusi ahalko da: Errusiatik behatuta, esaterako, ilargiak eguzkiaren %86 estaliko du.
Euskal Herritik ikusi ahal izan zen azken eguzki eklipsea iazko ekainean izan zen, eta hura ere partziala izan zen. Aurrera begira, datozen urteetan bi eguzki eklipse berezi ikusi ahalko dira: 2026ko abuztuaren 12an, eguzki eklipse oso bat –ilargiak eguzkiaren argia erabat estaliko du– ikusi ahalko da, eta halako beste bat ikusi ahalko da 2027ko abuztuaren 2an. Ondoren, 2028ko urtarrilaren 26an, eraztun formako eklipse bat behatu ahalko da. Ilargia eguzkiaren aurretik pasatzen denean gertatzen da baita ere, baina bere diametroak ez duenean eguzkiaren argia guztiz estaltzen; horrela, ilargiaren inguruan eguzkiaren argi eraztun bat ikusten da.
Gogoratu behar da ez dela komeni eklipseak zuzenean begiratzea, begientzat kaltegarria izan baitaiteke. Era berean, ez da komeni, ezta ere, eguzkiko betaurrekoekin, erradiografiekin edo halako etxeko erremedioekin begiratzea. Eklipseetarako erabili ohi diren betaurreko bereziekin begiratu daiteke eklipsea modu seguruan, eta baita itzaletan jarritako pantailaren batean islatuta ere. Hala ere, Espainiako Behatoki Astronomiko Nazionalaren arabera, eklipse bat ikusteko metodorik sinpleena eta seguruena proiekzio bidezkoa da, bi kartulina mehe hartuta eta leiho batean eguzkiari bizkarra emanez jarrita. Kartulinetako baten erdian milimetro batzuetako zuloa egin behar da (ez da beharrezkoa zirkularra izatea), eta, ondoren, bestea aurrean jarri behar da, argia lehenengoaren zulotik igaro eta bigarrenaren gainean proiektatzeko.