Loiolako Lorategi Hiria urbanizatzeko proiektua onartu dute
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio Loiolako Lorategi Hiria urbanizatzeko proiektuari, eta udalak azaldu duenez, proiektuak zonako “berroneratze orokorra ekarriko du, etxebizitza, ekipamendu, bide, espazio libre eta aisialdirako eremu berriak sortuz, eta gaur egun ez duen hiri kalitatea emanez”. Era berean, eremuari bizitegi erabilera emateari lehentasuna emango diote proiektuaren bidez, 2010eko Plan Orokorrean aurreikusi zen moduan.
Orotara, 65.900 metro koadroko eremua birsortuko dute, 261 etxebizitza berri sortuz –%40 babes publikokoak izango dira–. Era berean, egun dauden 55 etxebizitza kontsolidatu, 6.000 metro karratuko erabilera tertziarioko guneak sortu, ekipamendu publikoko bi eraikin eta bi kirol gune eraikiko dituzte. Bestalde, eremura sartzeko bide berriak sortu eta gune berde berriak egingo dituzte ibaiaren ondoan. Bide berriei esker, egungo Loiolako kultur etxearen eta frontoiaren aurrean plaza berri bat sortuko dute; Matxiñene kalea zabaldu eta oinezkoentzako bide bat egingo dute, Loiolako Erriberan sartzeko biribilguneraino.
Horrela, udalak azaldu duenez, “lau hektarea baino gehiagoko eremu jarraitu bat lortuko da, oinezkoentzat erreserbatua, eta bertan 5.000 metro koadro inguruko plaza handi bat nabarmenduko da, hainbat ekipamenduz hornitua. Aipatzekoa da, besteak beste, kultur etxea, Loiolako eremuaren eta auzoaren ardatz gisa kalitatezko eta aniztasuneko espazio publikoa hartzea aurreikusten duena”.
Bestalde, Eneko Goia alkateak ekainean jakinarazi zuen Lorategi Hiriko proiektua garatzeko, Lopetegi Berri etxeko maizterrak eta bizilagunak birkokatuko zituztela. Era berean, lanak 2023ko erdialderako hastea aurreikusten dutela nabarmendu zuen alkateak.