Wikidataren nondik norakoak azaltzeko hitzaldia eskainiko dute Donostian

Wikidatak hamar urte bete ditu urri honetan, eta urteurrenaren bueltan, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak hitzaldia antolatu du Donostiako EHUko Informatika fakultatean, Wikidataren nondik norakoak azaltzeko. Galder Gonzalez wikilariak emango du hitzaldia, hilaren 26an, 15:30etik 17:00etara; hitzaldia ez da teknikoa izango, beraz, edonorentzat aproposa izango da, Wikidata zer den ondo ezagutzeko.
Wikipedia erabiltzean, mundu guztiak erabiltzen duen osagarria da Wikidata. Hain zuzen ere, orrialdearen eskuinean agertu ohi diren laukiak dira, non hainbat datu neutro agertzen diren. Hizlariaren adibidea jartzearren, Galder Gonzalezi buruzko Wikipediako artikuluan sartzerakoan, eskuinean bere jaiotza data eta lekua agertzen dira, bere bizilekua, eta halako beste hainbat datu. Datu horiek automatikoki eguneratzen ditu Wikidatak, Wikipedian Gonzalezi buruzko orrialdea sortuta dagoelako; orrialde horretako informazioa erabiltzen du. Baliabide horrek nola funtzionatzen duen azalduko du Gonzalezek hitzaldian.