Bidebietan Beldurraren Etxea irekiko dute astelehenean
Gau Beltzaren bueltan, Bidebietan Beldurraren Etxea irekiko dute astelehenean, hilaren 31n, Auzoenea gunean, Thamessis elkartearen eta Auzoenearen beraren eskutik. 16:00etatik 22:00etara egongo da zabalik, eta ausartzen den oro joan daiteke, sarrera doakoa izango baita. Sartzeko txanda itxaron bitartean, beldurrezko bideoak ikusteko, eta jarriko duten “janari eta edari koipetsuak” dastatzeko aukera egongo da, tabernako “barra elegantean”.
Auzoenea 2014an ireki zuten Bidebietako herritarrek, auzoan euren beharrei erantzuteko gune autogestionatu bat behar zutelako. Julio Urkijo ibilbideko 30. zenbakian dago, Bidebieta Institutuko egoitza batean, Eskola Horia izenarekin ere ezaguna den espazioan.