Enkarni Genuak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria
Enkarni Genua (Donostia, 1942) antzerki-sortzaile, idazle eta kultura dibulgatzaileak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Eusko Ikaskuntzaren saria. Euskal kulturaren alde egindako lanagatik nabarmendu ziren pertsona ospetsuen obra osoa goratzeko sortu zuten sari hori, 1983an.
“Txontxongiloen bidez, Enkarni Genuak euskal mitologiaren kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu, ahozko transmisioaren bidez haurrenganaino helduz, euren iruditeria aberastuz eta euskal ahozko tradizioa balioan jarriz”, azaldu dute Eusko ikaskuntzako ordezkariek.
1971n, Txotxongillo taldea sortu zuen Manolo Gomezekin batera, eta urte luzez txotxongilo-antzerkia euskaraz egin du hainbat herrialde, eskualde, herri eta auzotan. Hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak eta material didaktikoak ere argitaratu ditu idazle gisa.
Genuak Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jartzen lagundu zuen 1992tik aurrera, eta baita Topci Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa sortzen ere.
Manuel Lekuona sariari dagokionez, Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat emango diote ekitaldi publiko batean. Oraindik ez dute zehaztu ekitaldia noiz izango den.