Europa Kostaldeko Itsas Arrauneko txapelketa hartuko du Donostiak
Bihartik igandera bitarte, 27 herrialdetako 500 arraunlari lehiatuko dira Kontxako badian.
Arraunaren epizentro bihurtuko da Donostia, datozen egunetan. 100 urte bete berri dituen Ur Kirolak arraun elkarteak Europa Kostaldeko Itsas Arraun Txapelketa (European Rowing Coastal) antolatu du. Hilaren 27tik 30era bitarte, estropada eremu esklusibo bihurtuko da Kontxako badia, eta bi lehiaketa modalitate jokatuko dira: hondartzako esprinta eta kostaldeko arrauna. Itsas arrauna diziplina olinpikoa izango da Los Angelesen (AEB) egingo den hurrengo Olinpiar Jokoetan.
Txapelketak 1.000 lehiakide, arbitro eta federazio ordezkari baino gehiago izango ditu, eta 20.000 ikusle inguru elkartuko ditu Kontxako badiaren eta Pasealeku Berriaren inguruan. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak diruz lagundu dute txapelketa. Bakoitzak 375.000 euro jarri ditu, eta inbertsio horrek hirirako izango duen zuzeneko irabazia milioi bat eurotik gorakoa izango dela adierazi dute.
Bi diziplinak
Beach Sprint edo hondartzako esprinta formatu laburreko lasterketa da, bizkorra eta intentsitate handikoa, eta Ondarretako hondartzaren (Europako txapelketaren epizentroa) eta Santa Klara uhartearen artean egingo da. Guztira, 250 metroko tarte bat egingo dute buien artean, eta beste 250 metro bueltan zuzenean, harik eta hondartzako helmugaraino korrika iritsi arte. Kategoria maskulinoa, femeninoa eta mistoa izango dira. Talde nazional bakoitzak tripulazio bakarra inskribatu ahal izan du modalitate bakoitzeko.
Kostaldeko arraunaren diziplina lasterketa luzeagoak dira, erresistentziakoak. Kasu horretan ere, hiru kategoria izango dira —gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoa—, eta kategoria bat klubetako tripulazioentzat eta beste kategoria bat selekzio nazionaletako tripulazioentzat. Kanporaketak lau kilometrokoak izango dira, eta finalak, berriz, seikoak.
Izena eman duten parte hartzaileen %56 gizonezkoak izango dira eta %44 emakumezkoak. Itsas arraunaren protagonistarik nabarmenenak izango dira Donostia aldean, eta, tartean, munduko hainbat txapeldun: Adrian Miramon (1x kategorian) eta Esther Briz eta Ander Martin (2xMix kategorian). Baita ere, Celia de Miguel, Teresa Diaz, Marta de las Heras eta Raquel Martin, Felipe Mendez lemazainarekin (4x+ kategorian).
Bi diziplinen artean Euskal Herriko hiru klubek parte hartzen dute, askotariko ordezkariekin. Ur Kirolakek misto bikoitza izango du; Kaiarribak emakumezkoen 1x, 2x mistoa eta 4x+ maskulinoa; eta, azkenik, Raspasek gizonezkoen 1x eta 2x mistoa. Halaber, Ur Kirolakeko 2x mistoak parte hartuko du Espainiako selekzio bezala, zilarrezko domina eskuratu baitzuen Espainiako txapelketan.
15 urte
Itsas arrauna duela 15 urte sortu zen kirol modalitate bat da, eta askok diote arraunaren etorkizuna dela. Krosko zabalagoko ontziak izaten ditu, bai eta popa nibelatua ere, ura ontzitik atera ahal izateko. Oro har, ur irekietan egiten da, eta ez die ihes egiten olatuei eta haizeari. Arraunaren muturreko bertsiotzat hartzen da, eta garrantzi handia du arraunlarien trebetasunak mareari eta korronteei, ibilbidearen topografiari eta klimatologiari aurre egin ahal izateko. Lehiaketan, ontziek kalerik errespetatu gabe egin dezakete arraunean, eta baimenduta dago haien arteko kontaktua ere.