Herrerako tunelen eta Jose Elosegi etorbidearen arteko irekidurak ixtearen alde egin du udalbatzak
Bizilagunek eta Herripe auzo elkarteak denbora daramate irekidura horiek eragindako kalteak eta arriskuak salatzen.
GI-20 saihesbideak bi irekidura ditu Herrerako tunelen eta Jose Elosegi etorbidearen artean. Hori dela eta, EH Bilduk urriko udalbatzarrera eraman du gaia mozio baten bidez. Udalbatzak aho batez onartu du, eta, horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiari irtenbide bat emateko eskatuko diote.
“Duela 50 urte GI-20 saihesbidea inauguratu zenean, arazo bat eragin zuen, gaurdaino konpondu gabe jarraitzen duena: saihesbideak Herreran dituen tunelen eta Jose Elosegi etorbidearen artean bi irekidura utzi zituzten, eta horien ondorioz, amiltzeko arriskua, aireko kutsadura eta zarata handiak daude Jose Elosegi etorbideko 120. eta 126. zenbakien artean”, azaldu du Zigor Etxeburua EH Bilduko zinegotziak.
Herripe auzo elkarteak idatzi bat bidali zien udalari eta aldundiari, gertatu diren istripuak aipatuta, egoera horri irtenbidea emateko eskatzeko. “Auzotarrek salatu dute erakundeak ezikusiarena egiten ari direla”, adierazi du Etxeburuak.