Noa & The Hell Drinkers donostiarrak European Blues Challenge lehiaketan izango dira
Espainiako Estatuaren ordezkaria izango da blues-rock talde donostiarra Europako txapelketa handian.
Noa & The Hell Drinkers blues-rock talde donostiarra hautatu dute 2023ko European Blues Challenge lehiaketan Espainiako Estatua ordezkatzeko. Estatuko hautaketa prozesua Bartzelonako Blues Elkarteak koordinatu du, eta Aholkularien Kontseiluko kideek bozkatu dute, hilaren 10etik 23ra; bluesaren munduko estatuko hainbat kazetari adituk, dibulgatzailek, jaialdi antolatzailek eta musikari beteranok osatzen dute aipatu kontseilua, eta hamabost talderen artean hautatu dute banda donostiarra. Taldea “oso pozik” agertu da, sare sozialetan zabaldu duen mezu batean.
European Blues Union erakundea Europako bluesaren eragile gorena da, eta 2011tik, urtero antolatu du aipatu txapelketa, 2020an eta 2021ean izan ezik, pandemiaren ondorioz. Europako blues ekitaldirik handiena da lehiaketa hori, eta nazioarteko garrantzitsuenetako bat. Aurtengoa, hamaikagarren European Blues Challengea izango da, eta ekainaren 2an eta 3an egingo dute, Poloniako Chorzow hirian.
2016tik, agertokiz agertoki
Noa & The Hell Drinkers taldea 2016an sortu zen, Donostian, Noa Voll Damn & The Hell Drinkers izenarekin, baina izena sinplifikatu zuten gerora, gaur egungoa izateko. 2018ko apirilean, Noa Voll Damn & The Hell Drinkers diskoa plazaratu zuten, eta Doka Kafe Antzokian aurkeztu zuten. Pandemiaren aurretik, 2019ko abenduan, euren bigarren diskoa argitaratu zuten: Craft Blues. Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan aurkeztu zuten lan hori, 2020ko urtarrilean. Ordutik, Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko areto eta jaialdi ugaritan jotzen aritu dira: Hondarribiako blues jaialdian, Bilbokoan, Donostiako Jazzaldian, Tolosandblues jaialdian, Cerdanyolako (Herrialde Katalanak) blues jaialdian, Madrilgo hainbat aretotan, eta abar. Bestalde, iragarri dutenez, ostegunean, hilaren 27an, bideoklip berria kaleratuko dute, pasa den udan Bilboko blues jaialdian emandako kontzertuan grabatutakoa.
Gaur egun, Paul San Martin Beldarrain pianistak, Manu Gestido Martinez baxu jotzaileak, Noa Egiguren Arretxea abeslariak, Gonzalo Portugal Alvarez gitarristak eta Igor Telletxea Irazoki bateria jotzaileak osatzen dute taldea. Hedabide honek Egiguren elkarrizketatu zuen 2019an, Craft Blues diskoa grabatzen ari zirenean.