'Azken partida', Donostian eta euskaraz egindako film laburra
Oihua! egitasmoak sustatutako pelikula da, eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean aurkeztuko dute ostiralean, Antzoki Zaharrean, Paul Urkijoren 'Irati' filmaren emanaldiaren aurretik.
Larrotxene Bideoko ikasle ohi batek egin du filma, Gernikako Igor Salutregik. Donostia Kultura, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren ekimenez egiten den Oihua! egitasmora aurkeztu da, eta bere proiektua hautatu zutenez, Beldurrezko Zinemaren 33. Astean aurkeztuko dute ostiralean, Antzoki Zaharrean. 35 urte arteko sortzaile hasiberrien artean euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzeko helburuarekin jarri zuten martxan Oihu!. Aurtengoa bigarren deialdia izan da.
Otsailetik ibili dira lanean film laburra egiteko, eta Salutregik Maider Oleaga zinemagilearen aholkularitza eta laguntza izan du prozesu guztian zehar. Gainera, Larrotxene Bideok bere baliabide tekniko eta pertsonalekin babestu eta lagundu du.
Ekhi izena du protagonistak. 10 urteko haurra da. Futbolean jolastera aterako da lagunekin, egunero egiten duen moduan, baina ez da ohiko egun bat izango. Neskato misteriotsu baten presentziak bide ezezagun batetik eramango du Ekhi, bere bizitza betirako aldatuz.
Haurrekin lan egitea egokitu zaio Salutregiri eta lantalde guztiari. Hasieran zalantzak izan zituen gaiaren inguruan. Nola landu heriotza bezalako gai bat haurrekin? Aitortu du haurrek naturaltasunez hartu dutela gaia, eta ondo moldatu dela. Filma egiteko ideia pandemian bururatu zitzaiola azaldu du: “Haur eta nerabeak nolabait abandonatu egin dituzte pandemian. Edozein neurri hartzerakoan ez dituzte kontuan hartu”. Eta haurren “magiaren beharra” defendatu du: “haurren magia gehiago behar dugu bizitzari begiratzeko”.
Donostiako ohiko postaleko irudietatik aldendu dira filma egiteko, eta bestelako tokiak bilatu dituzte pelikularako: Ametzagaina parkean eta Altza, Egia eta Intxaurrondoko hainbat kaletan izan dira lanean.