Jokin Aperribai Realeko presidente izateko berrautaketara aurkeztuko da
Jokin Aperribaik laugarren legealdi bat egin nahi du Realeko presidente gisa, ostegun goizean kazetarien aurrean egindako adierazpenetan baieztatu duenez. Zipren egin ditu adierazpenak, Realak han jokatuko baitu gaur iluntzean, Omoniaren aurka. Hain zuzen ere, klubaren Administrazio Kontseiluko kideak aukeratzeko Akziodunen Batzar Nagusia egingo dute azaroaren 29an Kursaalean, eta Aperribaik babesa eskatuko die akziodunei, beste lau urtez presidente izateko.
Kluba egoera onean dagoela eta ziurrenik beste hautagaitzarik aurkeztuko ez dela ikusita, aurreikusi daiteke Aperribaik eta bere taldeak babesa jasoko dutela eta karguan jarraituko dutela. Hala gertatuko balitz Aperribai Realaren historian presidente gisa urte gehien pasatu dituen presidentea izango litzateke laugarren legealdiaren bukaeran. Gaur egun, Jose Luis Orbegozo da errekorra duena, hamasei urtez izan baitzen presidente, 1967tik 1983ra. Aperribaik hamalau urte daramatza karguan –2008tik–, eta hurrengo hauteskundeak 2027an izango dira.
Aperribaik nabarmendu du “indarra eta ilusioa” duela bere proiektuarekin aurrera jarraitzeko: “Reala oso une polit batean dago, guztion konpromisoak kluba kota altuetara begiratzera eta sariak izatera bultza dezakeelako. Ikuspuntu orekatu eta jasangarri batetik egin behar dugu, eta horixe egiten saiatuko gara Administrazio Kontseiluaren buru izaten jarraitzen badugu”. Era berean, gaineratu du Zubietarentzako “proiektu garrantzitsu bat” dutela esku artean, eta “urte politak” dituela aurretik klubak.