Lidergoa helburu
Jarraian lortutako garaipenen bolada hautsi du Realak, baina Europa ligan puntuak hirunaka batzen jarraitu nahi du, gaur gauean (21:00) Omoniari Zipren irabazita. E multzoko talderik onena da gaur gaurkoz Reala —liderra da eta orain arte jokatutako lau partidak irabazi ditu—, eta txarrena Omonia, ez baitu puntu bakar bat ere eskuratu. Anoetan jokatutako neurketan, Realak 2-1 irabazi zion Omoniari.
Txuri-urdinak garaipenaren bila doaz Ziprera, hiru puntuak lortuz gero, aurrerapauso handia emango bailuke multzoen fasea lider gisa bukatzeko; garrantzitsua da hori, liderra zuzenean final-zortzirenetara baitoa, final-hamaseirenak jokatu beharrik gabe. Realak estreinakoz jokatuko du gaur partida ofizial bat Zipren.
Manchester United da Realaren aurkari zuzena lehenengo postua lortzeko —bederatzi puntu dituzte deabru gorriek, eta hamabi donostiarrek—, eta gaur bere etxean Xeriffi irabaziko diola aurreikusten denez, gaur ezustekorik izan ezean, Anoetan erabakiko da lehenengo postua norentzat izango den, Realak eta Manchester Unitedek azaroaren 3an jokatuko duten neurketan (18:45).
Omonia egoera txarrean
Ez dabil ondo Omonia talde zipretarra: Europa ligan E multzoko azken sailkatua izateaz gain, ligan ere eskas dabil eta taldeko entrenatzailea aldatu berri dute: Yannick Ferrerak hartu du Neil Lennonen tokia. Reala forma onean dago, baina baja askorekin helduko da gaueko partidara: Silva, Sola, Barrenetxea, Aihen, Cho, Oiartzabal, Sadiq eta Sorloth. Norvegiarra azken unean gelditu da deialditik kanpo, ondoezik sentitu delako hegazkinean.
Horrela, Reala hamaikako honekin aterako dela aurreikusi daiteke: Remiro; Aritz, Pacheco, Le Normand, Rico; Gebara, Merino, Turrientes, Brais; Carlos Fernandez eta Karrikaburu. Omoniari dagokionez, honako hamaikako hau aurreikusten da: Fabiano; Psaltis, Miletic, Hector, Kitsos; Pannagiotou, Bachirou, Loizou, Cassama, Diskerud, eta Ansarifard. Tamas Bognar izango da epailea.