Maitatzearen beharra aldarrikatu du Sara Azurzak bere single berrian

Sara Azurza donostiarrak Uste ustelak izeneko single berria aurkeztu du, eta datorren urtearen hasieran kaleratuko duen Hemen berriro diskoaren lehen aurrerapena da.
Kanta berrian Gartxot Unsainek ere kolaborazio berezia egin du, eta gaur egungo aurreiritzi, balio eta ohituren aurkako erreakzio batetik sortutako abestia da. “Uste ustelak abestiaren helburua da maitasuna eta maitatzea (modu desberdinetan) aldarrikatzea, funtzionatzeko modu gisa. Geroz eta indibidualistagoa den gizarte batean, non errealitate desberdinak pertsonen atzean ezkutatzen diren, maitatu egin behar da”, azpimarratu du Azurzak.
Urte berriaren hasieran hasi eta urte osoan luzatuko den birari izena emango dio Hemen berriro diskoak ere.
Andoni Clavok eta Paula Eguzkizak zuzendutako bideoklipa eskuragarri dago Azurzaren Youtubeko kanalean, eta singlea plataforma digital nagusietan entzun daiteke.