Andoni Elizondo: Realeko entrenatzaile historikoa
Realak pasa den asteburuan hautsi zuen jarraian lortutako garaipenen bolada historikoa: zortzi partida jarraian irabazi zituen, klubaren historiako markarik onena berdinduz. Andoni Elizondoren aginduetara lortu zuen Realak marka hori, 1966-1967ko denboraldian. Baina, nor izan zen Elizondo?
Andoni Elizondo, Realeko entrenatzailea zen garaian. (Argazkia: Paco Mari/Kutxateka) Reala denboraldi bikaina egiten ari da Imanol Alguacilen aginduetara, eta, hain zuzen ere, zortzi partida jarraian irabazteko gai izan da, berriki bolada hori hautsi badu ere. Realzale askorentzat, inoiz ikusitako garaipenen boladarik onena izan da, baina realzale beteranoenek, ziur aski, gogoan izango dute halako beste bat: 1966-1967ko denboraldian lortutakoa. Orduan ere, zortzi partida jarraian irabazi zituzten txuri-urdinek, baina Bigarren Mailan izan zen, eta Andoni Elizondo Mendiola entrenatzaile donostiarraren (1932-1986) aginduetara.
Elizondo 1932ko abuztuaren 5ean jaio zen, Donostian, eta hirian egin zuen bere ibilbide guztia, Realarekin oso lotuta. Hain zuzen ere, 1952an, 20 urte zituela, talde txuri-urdineko lehenengo taldearekin debutatu zuen, Bartzelonaren aurkako norgehiagoka batean. Atzelaria zen, eta hamabi denboraldiz jokatu zuen Realean, 1964an erretiratu zen arte, 243 neurketa ofizial jokatuta.
Jokalari gisa aritutako urte gehienak Lehenengo Mailan jokatu zituen Elizondok, azken biak izan ezik, 1962an Bigarren Mailara jaitsi baitziren txuri-urdinak. Ordea, jokalari izateari utzi eta gutxira, bere entrenatzaile ibilbidea abiatu zuen donostiarrak, eta, 1966an, Realaren zuzendaritza bere gain hartu zuen. Horrela, 1966-1967ko denboraldian klub txuri-urdina Lehenengo Mailara itzultzea lortu zuen, Puertollanoko (Espainia) igoera mitikoan.
Calvo Sotelo taldearen aurka jokatu zuen Realak Puertollanoko partida historikoa, 1967ko apirilaren 23an. 2-0 galtzen joan ostean, neurketa berdintzea lortu zuen Elizondoren taldeak (2-2), Boronaten eta Aranbarriren golekin. Puntu horri esker, igoera lortu zuten donostiarrek, eta ez ziren berriz Bigarren Mailara jaitsi 2006-2007ko denboraldira arte. Puertollanoko balentriarako, jokalari hauek zelairatu zituen Elizondok: Zubiarrain, Gorriti, Lasa, Iguaran, Martinez, Lema, Urreisti, Arzak, Arregi, Boronat eta Aranbarri.
Elizondo entrenatzaile txuri-urdina izan zen 1969-1970eko denboraldira arte, eta taldearen gidaritza hartu zuen berriz ere 1971-1972ko denboraldian. Entrenatzailea ez zen bitartean ere, klubarekin lotuta jarraitu zuen, beste kargu batzuekin.
1976an, entrenatzaile lanetatik pixka bat aldendu zen, eta bere anaia Josebak —berak ere lotura handia izan zuen Gipuzkoako futbolarekin— 1962an irekitako Deportes Elizondo saltokian lan egiten hasi zen; Prim kalean zegoen hasieran saltokia, baina Askatasunaren hiribidean zegoen Andoni han lan egiten hasi zenerako. Hala ere, ez zen futboletik erabat aldendu, eta Euskal Selekzioko entrenatzailea izan zen 1979an. Bi partida gidatu zituen: bat San Mamesen, Irlandaren kontra (4-1), eta beste bat Atotxan, Bulgariaren aurka (4-0).

lizondo Realeko jokalaria zenean, 1961ean. Gol bat saihesten ari da, buruarekin baloia joz, Real Madrilen aurka Atotxan jokatutako partida batean. (Argazkia: Arturo Delgado/Kutxateka)
Militantzia politikoa
Futbolaren munduan ibilbide esanguratsua egin ostean, militantzia politikoan murgildu zen Elizondo, Francisco Franco diktadorea hil zenean. Hain justu, 1976an sortutako Amnistiaren Aldeko Gipuzkoako Batzordeetan sartu zen, eta, urte horretan bertan, Organizacion de Voluntarios Antiterroristas (OVA) talde armatu ultraeskuindarraren mehatxuak jaso zituen, gutun baten bidez. Are gehiago, urte berean, bonba bidezko atentatu bat pairatu zuen Elizondo anaien saltokiak.
1976a urte mugitua izan zen donostiarrarentzat, aipatu mehatxuez eta atentatuaz gain, Guardia Zibilak atxilotu egin baitzuen, urte hartako uztailean.
Amnistiaren Aldeko Batzordeak euskal presoen aldeko manifestazioak antolatzen ari ziren orduan, eta hainbat atxiloketa izan ziren horren harira. Elizondo Azpeitian (Gipuzkoa) atxilotu zuten, beste lau batzordekiderekin batera, Guardia Zibilak euren autoa gelditu ostean. Amnistiaren aldeko propaganda eta hainbat presoren adierazpen idatziak zeramatzatelako atxilotu zituzten, La Vanguardia egunkariak 1976ko uztailaren 11n argitaratu zuen albistearen arabera. Hala ere, handik gutxira utzi zuten aske.
Gazte hil zen
Elizondok gaixotasun luze eta mingarri bat pairatu zuen bere bizitzaren azken urteetan, eta horren eraginez zendu zen, 1986ko otsailaren 23an, Donostian, 53 urte zituela. Bere izena, aldiz, Realaren historian urrezko hizkiekin idatzita utzi zuen.


