Askotariko hitzaldiak eta bertso bazkaria, Ikasbide kultur elkartearen azaro kulturalean
Azaro kulturala antolatu du Ikasbide kultur elkarteak, eta hitzaldiak eta bertso bazkari bat izango dira jarduera nagusiak. Jarduera guztiak elkartearen egoitzan egingo dira, Isabel II.aren etorbideko 15. zenbakian. Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira.
Azaroaren 3an izango da lehenengo hitzaldia. Julen Castillo aktoreak Goazen telesailean izan duen esperientziaren inguruan hitz egingo du. Azaroaren 10ean, aldiz, Realeko bi jokalariren txanda izango da, taldean euskararekin nolako harremana duten azaltzeko. Oraindik ez dute zehaztu zein jokalari izango diren, baina neska eta mutil bana izango dira.
Azaroaren 17an, 40 urte eta aldapa behera niek bakarrizketa eskainiko du Ion Martinez Txiki-k. Hilaren 24an, Felix Zubia Donostia Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko medikuaren txanda izango da, Felix Zubiarekin euskaraz solasean jardunaldian. Hitzaldiekin amaitzeko, Jon Maia bertsolariak Extremaduratik euskarara hitzaldia egingo du abenduaren 1ean.
Eta Euskararen Egunean, abenduaren 3an, bertso bazkaria izango da Ikasbide kultur elkartean. 14:30ean izango da, eta Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze bertsolariek hartuko dute parte.