Hizkuntza ohiturak aldatzeko garaia
Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte egingo da, eta, Donostian, ariketa sozial masiboa "kalitatezkoa" izatea nahi dute antolatzaileek.
Ate joka dugu Euskaraldiaren hirugarren edizioa, izan ere, aurtengoa hemendik hiru astera egingo da, Hitzez ekiteko garaia lelopean. Milaka euskaltzalek kaleak beteko dituzte hamabost egunez, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazagoa izan dadin. Baita Donostian ere. Udala eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea elkarlanean ari dira hiriko Euskaraldia prestatzen, eta Bageraren lokalean harrapatu ditugu antolatzaileak, Euskaraldiko plangintzari azken ukituak ematen.
Euskaraldiaren azken edizioa 2020an egin zen, eta aurtengoa “masiboa” izatea espero dute. “Hamabost egun horietan kalean ahobizi edo belarriprest dioten txapak soinean daramatzan jende asko ikusi nahi dugu, horrek emango diolako ikusgarritasuna Euskaraldiari”, azaldu du Maddi Juanikorenak, Bagerako kide eta Donostiako Euskaraldiaren antolatzaileak.
2020koaren jarraipen modura planteatu dute aurtengo edizioa. “2020an berritasuna izan ziren ariguneak, izaera desberdinetako entitateetan sortu zirenak. Horiek, nolabait, gune babestu bat eskaintzen dute euskaraz hitz egin ahal izateko. Euskaraldian zehar, entitate horietako kideek ahobizi edo belarriprest modura jokatzen dute, rol horiek betez, baina nabaritu dugu hamabost egun horiek pasatzen direnean, gune horietan egin diren hizkuntza ohituren aldaketak mantentzea errazagoa dela”, azaldu du Juanikorenak.
Aurten, Euskaraldiari orokorrean , eta, ariguneei zehazki, jarraipena ematea izango da helburua. “2020an pandemiak ez zuen utzi Euskaraldia behar bezala egiten, eta izan genituen hutsuneak agerikoak dira: ia ezin genuen kalean egon, negozio asko itxita zeuden, eta, beraz, aurten ahalegin berezia egingo dugu entitateetan ariguneak sortzeko”, jakinarazi du.
Hitzez ekiteko garaia
Juanikorenaren arabera, nabaritu da euskararen aldeko azken egitasmoetan, Korrikan batez ere, badagoela “gogo sozial bat” euskararen alde egotetik euskaraz egitera pasatzeko. “Horregatik, Euskaraldiaren leloak ere Hitzez ekiteko garaia dio, eta hain zuzen ere hori da adierazi nahi duguna, kaleak astintzeko garaia eta euskaraz egiteko garaia iritsi dela”, nabarmendu du.
Zentzu horretan, txapak soinean eramatearen garrantzia ere azpimarratu du Bagerako kideak. “Azken finean, Euskaraldia ariketa sozial masibo bat da, eta ariketa behar bezala egitea da oinarrian dagoena. Horretarako tresna nagusiak gu identifikatzen gaituzten ahobizi eta belarriprest txapak dira”, esan du. Gogorarazi duenez, bakoitzak egokiena iruditzen zaiona aukeratu dezake, rolak ez daudelako hizkuntza gaitasunari lotuta. “Ahobiziek beti euskaraz egingo dute lehenengo hitza, eta elkarrizketa elebidunetan ahalik eta gehien saiatuko dira euskara gailentzen. Belarriprestek, aldiz, euskaraz dakitenei beraiekin euskaraz egiteko eskatuko diete, eta egoeraren arabera aukeratuko dute beraiek noiz egin euskaraz eta noiz ez”, azaldu du.
Izen ematea, zabalik
Hirugarren Euskaraldi honetan izena emateko epea zabalik dago irailaren 28tik, eta, nahi duenak, Euskaraldia hasi arte izango du horretarako aukera Euskaraldia.eus webgunean, Donostiako kultur etxeetan, Bagera elkartearen bulegoan eta Udaleko Euskara Zerbitzuan.
Dagoeneko Donostian izena eman duen jende kopuruan arreta jartzea baino garrantzitsuagoa iruditzen zaie antolatzaileei indarra “kalitatean” jartzea. “Uste dugu ariketa ondo egitean jarri behar dugula arreta. Donostian, Euskaraldiaren lehenengo ediziotik hona, uste dut jendeak ulertu duela rol bakoitzaren zeregina. Onartu behar dut kostatu egin dela rolak barneratzea, baina uste dut jendea ulertzen ari dela Euskaraldiak eskaintzen duen metodologiak eta ariketak emaitzak eman ditzakeela”, adierazi du Juanikorenak. Eta, antolatzaileen iritziz, horixe izan behar da bidea: ulermena bermatuta dagoen guztietan, euskaldunek euskarari eustea eta euskaraz egin ahal izatea. Horrez gain, ziur daude Euskaraldiak “euskara gero eta gehiago erabiltzeko aukerak zabaltzen dituela, eta baita hizkuntzari arnasa ematekoa ere”.
Zentzu horretan, egitasmoan izena ematearen garrantzia nabarmendu dute, izan ere, Euskaraldiak euskara eremu berrietan sartzeko aukera ematen du. Gainera, aurreko edizioetan izena eman zutenek erraztasunak izango dituzte, aurtengo edizioan parte hartzeko eskaera berrestea besterik ez zaielako eskatuko.
Azaroaren 17an, Euskaraldiaren hasiera festa
Aurtengo jarduera berezien artean, azaroaren 17rako hasiera ekitaldi bat prestatzen ari dira antolatzaileak. Egun osoko egitaraua egongo da Bulebarrean, eta karpa bat ere jarriko dute. “Goizean mintzodromoak egingo dira, eta karpa horretan egun osoan zehar Euskaraldian izena emateko eta txapa jasotzeko aukera izango da”, jakinarazi du Juanikorenak.
Egun horretako amaierako ekitaldi gisa, kontzertutxo bat egitea ere aurreikusten dute, baina aurrerago zabalduko dute egitaraua zehatz mehatz, xehetasun guztiekin.
Euskaraldiko lantaldea ilusioz eta gogo handiz ari da guztia prestatzen, eta aurtengo ediziorako egin dituzten txapa eta bandera berriek lagunduko dute Donostiako Euskaraldia apaintzen eta kolorez janzten. Bageraren lokalean dituzte gordeta apaingarri berri horietako asko, baina aste gutxiren buruan horietako bakoitzak jabe bat izango du, Euskal Herri osoan egiten den ariketa sozial masibo hau babesten dutenen erakusgarri gisa.