"Donostiak ipuin fantastiko bat marrazteko osagai guztiak ditu"
Arantza Sestayo donostiarraren erakusketa estreinatu dute Donostiako Udal Liburutegian, bere fantasia errealistaren ilustrazioen mundua ezagutzeko. 'A Song of Ice and Fire' eleberriaren egutegi ofizialerako egindako marrazkiengatik oihartzun handia izan du azkenaldian. 'Alice Lurralde Miresgarrian' ipuin klasikoaren edizio berezi bat ere marraztu berri du.
Komikiarekin lotutako azoketan izaten da Arantza Sestayo (Amara, 1964). Ez du erakusketarik egiteko ohiturarik, baina Donostiako Beldurrezko Asteak aukera hori eskaini dio. 2011n erakutsi zituen hemen lehen aldiz bere ilustrazioak, eta aurten marrazki berriekin itzuli da. Besteak beste, A Song of Ice and Fire eleberriaren egutegi ofizialerako ilustrazioak egin ditu Arantza Sestayok. Eta horien kopiak daude erakusketan ikusgai.
New Yorkeko ilustrazio azoka batetik etorri zara Donostiara.
Bai, nire lanak oso merkatu txikia du, eta, han, AEBetan, badu bere lekua. Illuxcon izeneko du azoka batean izan naiz. Boris Vallejo, Julie Bell, Donato Giancola eta beste ilustratzaile ezagun asko joan ohi dira. Urtean behin egiten da. Joaten hasi nintzen; gero, pandemia dela eta, joateari utzi nion, baina aurten itzuli naiz. Eta ondoren zuzenean etorri naiz Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astera, nire erakusketa aurkeztera.
Zer ekarri duzu erakusketara?
Oso estilo erromantikoa da nirea, misteriotsua, fantasiazkoa, eta mundu horretan oinarritutako fantasiazko figurak, maitagarriak eta pertsonaia erromantikoak marraztu ditut. Haurrentzako ipuinekin lotutako pertsonaiak ere badaude ikusgai: Alice eta Edurnezuri, besteak beste. A Song of Ice and Fire eleberriaren egutegi ofizialerako ilustrazioak ere badaude. Ia 30 pieza izango dira ikusgai.
Milaka zale ditu A Song of Ice and Fire sagak, arrakasta handia lortu dute. Nola iritsi zinen egutegi hori egitera?
Aurretik ere lan egin dut beraientzat. Saga sortu zirenetik hogei urte bete zirenean ere lau marrazki egin nituen. 40 ilustratzaile gonbidatu zituzten, eta hor ere parte hartu nuen. Egutegirako, haiek Norma argitaletxearekin jarri ziren harremanetan (Normarekin Besos malditos argitaratu nuen). Hainbat ilustratzaileren artean aukeratu ninduten. Oso pozik nago. Egutegi guztia egiteko askatasun osoa eman zidaten. Liburuko eszenak nik aukeratu nituen, baita pertsonaiak eta estiloa ere bai. Liburuen zale sutsuak gara, eta Game of Thrones telesaila ere behin baino gehiagotan ikusi dugu. Eszenak liburutik hartu nituen, ez zutelako telesailarekin nahastu nahi ezer. Urtebeteko epea eman zidaten enkargu hau egiteko. Hilabete bat pasa nuen liburuaren audioliburuak entzuten. Eta ondoren eszena horiek prestatzen hasi nintzen nire etxean, estudioan.
Pertsonaiak sortu zenituenean, nondik abiatu zinen? Zaila izan al zen telesaileko pertsonaiez ahaztea?
Pertsonaia batzuek sekulako oihartzuna izan dute, eta zaila da beraiengan ez pentsatzea, noski!. Ni saiatu nintzen nire estiloan oinarrituz marraztea pertsonaia horiek. Orrazkerak eta janzkerak imajinatuz hasi nintzen. Tyrion, adibidez, ez nuen erretratatu nahi izan, telesailean dagoen bezala asko gustatzen zaidalako (barrez). John Snowren pertsonaiaren marrazkirako nire semea erabili nuen modelo moduan. Telesaileko John Snowrekin ere antza handia du, baina ez didate ezer esan! [barrez].
Lanketa bereziren bat egin al zenuen?
Gogoa nuen argia ondo irudikatzeko. Etxean egin dut lanketa guztia. Oihal pila bat erosi nituen, foku batzuk ere eskuratu nituen. Argazki estudio bat muntatu nuen. Pintatu behar dudan guztia ez dut jartzen estudioan, noski, gauza asko asmatu egiten ditut. Baina gehien interesatzen zitzaidana bai. Euronen piratak margotzea oso dibertigarria izan zen. Oso errealista izatea nahi nuen, eta pirata itxura duen jende bila hasi nintzen: lagun baten bikotekidea, bere lagunak, lagun horien lagunak… Bat-batean, itxura txarra zuten gizonez bete zen nire etxea. Batek ezpatak ekarri zituen, mozorroak ere ekarri zituzten… Terraza piratez bete zitzaidan! Aurpegiko keinu eta espresio batzuk margotzeko orduan asko laguntzen du honek guztiak.
Afitxa bakoitza egiteko bizpahiru aste behar izan ditut, marrazten hasi aurretik inbertitu dudan denbora kontuan hartu gabe, noski.
Egutegian baduzu gogoko duzun marrazkiren bat?
Aegonen afitxa handi bat eta hilabete bakoitzaren marrazki bat egin ditu egutegirako. Kutunenak Daenerys eta bere dragoiarena eta John Snowrenak dira.
Eta eleberrietan, zein da zure pertsonaiarik gustukoena?
John Snow. Oso purua da. Nahasita dago, baina onbera da. Tyrion ere gustatzen zait. Snowren antza hartzen diot, baina ironia gehiagorekin. Asko disfrutatu dut hau guztia marrazten. Fantasiarekin lotura duen edozer gauzarekin asko gozatzen dut.
Zinema, artea… zerk inspiratzen zaitu?
Asko irakurtzen dut. Ipuin klasikoak irakurtzen hasi nintzen nerabezaroan, txikitatik gustatu zait fantasiazko generoa. Mila gau eta bat gehiago, Becquerren kondairak… Betidanik egon dira presente nire bizitzan. Eta beti imajinatu dut nola pintatuko nituzkeen istorio horietan irakurtzen nituenak. Hoffmanen ipuinak, Edgar Allan Poe, Andersenen ipuinak… Eta eleberriak: Zola, Balzac… Ipuin klasikoak, eta eleberri misteriotsu eta erromantikoa. Eta, artean, Arthur Graham, Rafaelloren aurrekoak, John William Waterhouse, Alfons Mucha… Linea hori da gehien ikusi dudana. Eta zineman, Harry Potter, The Lord of the Rings, Game of Thrones… Forma eta ikuspegi berriak aztertzeko balio didate. Breaking Bad telesailak ere inspiratu nau. Honekin guztiarekin ez du zerikusirik, baina kalitate oneko telesailak insporazio iturri dira beti. Eta… pintura klasikoa! Caravaggio, noski.
Nola egiten duzu lan, enkargu bidez?
Bai, normalean bai, baina azken urteetan benetan pintatu nahi nuena pintatzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen haurrentzako ilustrazioa egin nahi nuela. Abenduan argitaratuko dut Alice Lurralde Miresgarrian-en liburu bat Easton Press argitaletxearekin. Bildumazaleentzako edizio berezi bat izango da. AEBetan argitaratuko dute, ingelesez. Hemen modelorik gabe lan egin dut. Hutsetik sortu dut dena. Oso eszena estranbotikoak dira, eta oso modu askean egin dut lan. John Teniellenak dira marrazki originalak, garaikoak, eta Arthur Grahamek ere marraztu zuen. Zaila da haien eredutik aldentzea, baina lortu dudala uste dut.
Gustatuko litzaidake Alicen moduko ipuinen bat ilustratzea. Hori da gehien gustatuko litzaidakeena. Ilustrazio errealistak baina fantasiaz betetakoak egitea. Ni momentu honetan ipuin bat idazten ari naiz. Publiko guztiarentzako bi istorio ditut. Nik idatzi eta marraztu nahiko nituzke. Mundu paralelo bat izaki mitologikoekin, eta bestea sorginei buruzko bat.
Zein teknika erabiltzen duzu?
Zirriborro bat egiten dut lehendabizi, eta gero hondoa eta inguruko elementuak marrazten ditut. Arkatzarekin marraztu, eta gero olioekin margotzen dut. Pieza horri argazki bat egiten diot, eta horrela digitalizatzen ditut nire piezak.
Donostiarra zara, baina Castello duzu bizitoki. Bueltatzeko asmoa duzu?
Hemen bizi izan naiz bolada batzuetan, eta bueltatzearena beti izan dut buruan, baina oraingoz ez. Egia esateko, Donostiak asko inspiratzen nau. Egun grisak oso gustuko ditut, agian horregatik izango da. Esaten dute Mediterraneoko argia oso ona dela pintatzeko, baina niri honek asko inspiratzen nau. Eraikin hauetako harri zaharrak, mendi ilunak, ibaiak, behelainoa, hostorik gabeko zuhaitz biluziak, farolak… Donostiak ipuin fantastiko bat marrazteko osagai guztiak ditu. Eguraldiak ere oso barrura begiratzeko modukoa da. Gustatuko litzaidake hemen margotzea. Askotan pentsatu dut zertzelada askeago batekin hemen pintatzea. Apunteak hartzea nolabait, zirriborroak egin.