Fantasiaren eta errealitatearen mugak lausotzeko erakusketa
Alvaro Herranzek (Bartzelona, 1988) beti izan du mitoekiko eta kondairekiko erakarpena eta, zehazki, mitoetan agertzen diren kreaturekiko. Fuego Fatuo izenpean, urteak daramatza izaki horiek gorpuzten, Madrilgo bere estudio txikian artikulatutako eskultura eta panpina itxura emanda. Fuego Fatuo: Ulertezinaren bestiarioa erakusketak eskultura eta argazki sorta bat aurkezten digu, hainbat lekutako mitologietakoak, euskal mendietatik hasi eta Japoniako itsasoetaraino. Liburutegi Nagusiak San Jeronimo kalean duen aretoan ikus daiteke erakusketa, azaroaren 13ra arte (astelehenetik ostiralera, 17:00-20:00 eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 11:00- 14:00 eta 17:00-20:00).
Bere eskulturen eta haien argazkien bidez, Alvarok dimentsio errealista eta sinesgarria ematen die bere izakiei, sense of wonder edo zentzu zoragarri bat aditzera emanda, zeinaren bidez ikusleak, “errealitatearen eta fikzioaren arteko lerro mehea gaindi dezakeen, fantasia benetakoa dela sinetsi eta horretan jolasean aritzeko”.
Fuego Fatuo Art sortu zuen, Madrilgo bere estudiotik fantasiazko izakien eskulturan eta diseinuan aritzeko eta, horrela, “mundua magiaz betetzeko eta jendearen ametsak gauzatzeko… arrazoizko prezio baten truke”. Bere lanaren bidez, “fantasiaren eta errealitatearen arteko mugak lausotzen” saiatzen da Herranz, naturaz gaindikoari dimentsio natural bat emanez eta mirari zentzu bat aditzera emanez, ikusleei une batez sinestarazteraino mitoak benetakoak direla.