'Irati': zapalduen aldarrikapen bat
Txikitan, eskolan euskal mitologiari buruz hitz egiten zigutenean, nork ez zuen flipatzen Mariren, Basajaunen, lamien, Sugaarren eta beste pertsonaia guztien irudiak ikustean eta euren istorioak irakurtzean? Mendira joatean, nork ez du inoiz imajinatu zuhaitz horien atzean Basajaun dabilela, beheko erreka horretan murgilduz gero lamiaren bat aurkituko duela edo basoaren sakonenean dagoen kobazuloan Mari eta Sugaar egongo direla, basoaz zaintzen. Agian, heldutasunarekin eta heldutasunak dakartzan ardurekin, imajinazio hori galtzen joan gara, eta mendian ez dugu halakorik pentsatzen dagoeneko. Paul Urkijok, aldiz, oso presente du euskal mitologia, eta ez du imajinazioa galdu, pantailara eraman baitu hori guztia, zapalduen aldarrikapen indartsu bat eginez, Irati-ren mezu nagusiak dioen moduan, izena duena badelako. Eta, ostiralean Antzoki Zaharrean 33. Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen inaugurazioan filma ikusteko zortea izan zutenek ziur txikitako ametsak berreskuratu dituztela, eta Iratiko basoa bisitatzeko gogoz atera zirela antzokitik; nabarmentzekoak dira, bide batez, filmean une oro agertzen diren paisaia ederrak.
Lehenengo minututik, akzioa da nagusi Irati-n, Orreagako gudarekin hasten baita filma: baskoien armadak Karlomagnorena garaitu zuen 778. urteko guda horretan, eta Irati-ren arabera, ibarreko jaunak Marirekin egindako tratuari esker lortu zuten garaipena baskoiek. Ordea, jaunak bere bizia eman behar izan zuen horretarako: odola odol truk. Bere seme Enekoren (Eneko Sagardoik maisuki interpretatua) istorioa du ardatz filmak: fede berrian, kristautasunean, hezi dute Eneko, eta ibarreko jaun izateko itzuli da Iratira, baina aitaren gorpua berreskuratu behar du aurretik, mausoleotik desagertu baita. Akzioak ez du etenik filmaren lehenengo erdian, Enekok basoaren sakonenean dagoen kobazulorako bidaia zirraragarria abiatzen baitu berehala, Iratirekin batera.
Luxa atsoak (edo, sorginak?) hezita, sinesmen paganoak mantentzen dituen azkenetakoa da Irati, kristauak Euskal Herriko mendietako paganoak, Mari jainkosan sinesten jarraitzen dutenak, txikitzen ari baitira, baita basoa pixkanaka suntsitzen ere. Izena duena bada, eta, hain zuzen ere, Iratiri esker, oraindik ez da Mari guztiz ahaztu, eta kobazuloan aurkitzen dute Itziar Ituñok gorpuztutako jainkosa Enekok eta Iratik. Ez hori soilik, Basajaun ere aurkitzen dute eta lamiaren bat edo beste ere agertzen da; Urkijoren filmak ez ditu munduko efektu digital onenak, baina onak dira –Sitgesen sarituak izan ziren, hain zuzen–, eta sinesten dituzu (are, Errementari-n baino gehiago sinesten dituzu). Efektuen bidez, txikitako amets horietara eramaten zaitu filmak, baita katigatu ere: filmean murgilduta zaude ordurako, eta ikusten jarraitu nahi duzu. Aipamen berezia merezi du Irati gorpuztu duen Edurne Azkaratek, bere lehenengo film luzea baita Irati, eta indar handiz sartu da zinemaren munduan, filmeko pertsonaiarik indartsuena baita.
Historiaren alde onean egotea zapalduen aldean egotea da: AEBetako indigenen aldean, Latinoamerikako jatorrizko herrienean, Afrikako etnia jazarrienean, emakumeenean, beltzenean, langile klasearenean eta LGTBI+ kolektiboarenean besteak beste. Eta, Irati-n argi duzu hasieratik: euskal paganoekin zoaz, Marirekin, lamiekin eta basoarekin, Belaskoren (Kepa Errasti), bere morroien eta Virila apaizaren (Ramon Agirre) aurka. Zapalduekin zoaz. Izena duena bada, eta zapalduen izenak ahazten ez diren bitartean, izango dira. Hori baita Irati, Urkijok berak aurkezpenean esan zuenez, “zapalduen, arraroen eta txikien istorio bat”; horregatik, Beldurrezko Astea inauguratzeko film aproposa zen, Beldurrezko Astea baita arraroen eta txikien jaialdia (akaso, zapalduen jaialdia dela esatea gehiegi da, ez gara pasatuko).
Kobazuloko pasartearen ondoren dator filmeko arnasgune nagusia, Iratiren eta Enekoren arteko elkarrizketa mamitsu batekin, eta zerbait gehiagorekin. Aldiz, gidoiak ez du erritmorik galtzen hortik aurrera, berehala itzultzen baita akzioa, eta ez da gelditzen bukaerara arte. Eta, bizitza errealean kristautasunak irabazi bazuen ere, euskal mitologia ez da inoiz guztiz hil, Iratiko basoan dago, zuhaitzen, kobazuloen eta erreken artean, filmak erakusten digun moduan, izena duena badelako.
Otsailean, zinema aretoetara
Antzoki Zaharreko sarrerak berehala agortu ziren, eta ostiralean Viktoria Eugenia antzokian proiektatuko badute ere, sarrera horiek ere agortuta daude. Sarrera erostea lortu zuenetako bat bazara, zorionekoa zu, gozatuko baituzu. Antzoki Zaharrean, jendea oso isilik egon zen proiekzioan, eta hori, Beldurrezko Astean, filma jendeari gustatzen ari zaiolako da. Ez baduzu sarrerarik, otsailera arte itxaron beharko duzu, orduan estreinatuko baitute zinema aretoetan. Eta, bai, erakunde askoren laguntza ekonomikoa izan du Irati-k (baita Karlos Argiñanorena ere), eta beste euskal ekoizpen batzuek baino oihartzun handiagoa izan du hedabideetan, baina oihartzun horri justizia egin dio Urkijok; joan zaitezke ikustera, merezi du.
Irati ikusi ostean, Iratiko basora joango naiz asteburu pasa ahal bezain laster, eta basotik paseatzean, ziur naiz buruak txikitako ametsetara eramango nauela berriz ere, lamiak irudikatuko ditut errekan, Basajaun basoaren sakonenean eta Mari kobazuloaren barrenean. Izena duena badelako.