Sara Alonsok brontzea lortu du Golden Trail Series zirkuituan
Sara Alonso mendi korrikalari donostiarrak hirugarren postuan amaitu du The Madeira Ocean & Trails mendi lasterketa, eta baita Golden Trail Series zirkuitua ere. Zirkuituko finaltzat hartzen da Madeirako bost eguneko lasterketa, eta Alonsok seigarren postuan bukatu zuen igandeko azken jardunaldia, 30,5 kilometroko ibilbidea 2 ordu, 54 minutu eta 3 segundoan eginda. Denera, 108 kilometro egin dituzte korrikalariek, 7.000 metroko baino gehiagoko desnibel positiboarekin. Alonsok 11 ordu, 57 minutu eta 12 segundoan egin ditu 108 kilometroak, eta brontzea lortu du, Nienke Brinkman herbeheretarraren (11 ordu, 20 minutu eta 30 segundo) eta Bailey Kowalczyk estatubatuarraren (11 ordu, 54 minutu eta 51 segundo) atzetik.
Bestalde, Alonsok eguneko irudia protagonizatu zuen Madeiran, helmugara iristear zenean, atzetik zetorren Malen Osa oñatiarra bizkarrean hartu baitzuen, eta elkarrekin gurutzatu zuten helmuga.
AMIGAS y compañeras antes que rivales 👉 El final de @sara_alonso_5 y Malen Osa en las #GoldenTrailSeries 😍
— Salomon Spain (@Salomon_Spain) October 30, 2022
Estamos muy ORGULLOSOS del 3r puesto de Sara en la general y la victoria de Malen en la Open, pero sobretodo de cómo son como personas y de sus valores #TomorrowIsYours pic.twitter.com/ww8Lw5FCqo
Horrela, zirkuitua ere hirugarren postuan amaitu du donostiarrak, 782 punturekin. Brinkman izan da denboraldiko onena (1.026 puntu), eta Sophia Laukli izan da bigarrena, 799 puntu erdietsita. Alonso pozik agertu da lortutakoarekin, sare sozialetan argitaratutako mezuan: “Urduritasun asko, kilometro asko eta denboraldi luze baten ostean, bai, lortu dut! Horren pozik nago, ez dudala sinisten. Konstantea izan naiz eta amaierara arte borrokatu dut”.
Alonso 2020an hasi zen mendi lasterketak egiten, eta maila gorenean murgildu da denbora gutxian. Denboraldi honetan, besteak beste, brontzea lortu zuen Zegama-Aizkorri lasterketan eta marka hautsi zuen Mont Blancen. Hedabide honek Alonso elkarrizketatu zuen 2021eko azaroan, mendi lasterketak egiten urtebete zeramanean.