Arkaitzerreka errekastoa saneamendu sarearekin konektatu nahi du GHK-k
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) baimena eskatu dio Ura agentziari, Zubietako erraustegitik ateratzen den Arkaitzerreka errekastoan ponpaketa sistema bat eraikitzeko, errekastoko ura saneamendu sistemarekin konektatzeko. Usurbilgo Noaua hedabideak eman zuen albistea ostiralean (hilak 28), Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako informazioa jasoz, eskaera hor argitaratu baitzen egun horretan. “Donostiako udalerrian (Gipuzkoa), Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen hondoko drainatze hodiaren irteerara ponpaketa sistema bat eraikitzeko obrak” egiteko baimena eskatu du GHK-k, zehazki.
Esku hartzearen nondik norakoak ere azaldu ditu GHK-k eskaeran: “Ponpaketa putzu berri bat egingo da hondoko drainatze hodiaren irteeran, Arkaitz errekaren ondoan, 2,00 x 2,00 metro koadrokoa, eta PEko Ø100 mm-ko bultzada hodia egingo da putzutik hasi eta erraustegiko instalazioetara sartzeko tunelaren ondoan dagoen saneamendu sarearekin konektatu arte”. Eskaera 23 egun baliodunez egongo da jendaurrean (urriaren 29an hasi ziren zenbatzen), eta epe horretan erreklamazioak aurkeztu ahalko dira, Uraren Euskal Agentzia-Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoan. Espedientea ere bulego horretan egongo da eskuragarri, aztertu ahal izateko.
Kutsadura kasuak Arkaitzerrekan
Gogoratu behar da Arkaitzerrekan hainbat kutsadura kasu gertatu direla Zubietako erraustegia funtzionamenduan jarri zutenetik. 2020ko maiatzean gertatu zen publiko egin zen lehena, ehunka ezkailu eta aingira hilda agertu baitziren. Bestalde, uztailean salatu zuten berriz ere kutsatuta zegoela errekastoa, isurketa toxiko batekin; hala jarraitu du, hainbat hilabetez.
Horren guztiaren harira, Zero Zabor plataformak artikulu bat argitaratu du Argia hedabidean, eta salatu du GHK-k oraindik ez duela argitu zer gertatzen ari den Arkaitzerrekan: “Bitxi egiten da GHK-k, Gipuzkoako agintari nagusien babesarekin, eskatzea Arkaitzerrekako ur kutsatuentzako bypass bat eraikitzeko baimena, oraindik GHK-k berak argitu ez duenean ez zein kutsagairekin ari den zikintzen erreka, ez zein den kutsadura larri honen jatorria, ez arduradunak nortzuk diren. Eta, gerta liteke GHK-k lortzea ur pozoitu horiek herritarren begien aurretik desagerrrarazi eta Zubietatik kanpo eramateko baimena, Gipuzkoako agintariek herritarrei Zubietako erraustegiak eragindako kutsadura horien azalpenak eman aurretik eta epaitegietan ingurumenaren kontrako delitu larri hau argitu eta zigortu baino lehen”.
GuraSOS elkartearen hitzak ere jaso dituzte aipatu artikuluan: “GHK-ren asmoa da metal astunen eta dioxinen isurketa Zurriola hondartza ingurura bideratzea, horrela adierazi du Ura agentziari egin dion baimen eskaeran”.