Buruko osasun arazoen inguruko zineforuma egingo du Agifes elkarteak
'Buru osasunaren zaindariak' sentsibilizazio kanpainaren parte da. Azaroko astelehenetan egingo dituzte emanaldiak, doan, Principe zineman.
Buruko osasun arazoen inguruko ezagutza zabaltzea eta buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea. Horiexek dira Agifes elkarteak lortu nahi dituen helburuak. Horretarako, buru osasunarekin lotutako film emanaldiak antolatu ditu. Proiekzioen ondoren, solasaldiak egingo dituzte, pelikula bakoitzak buru osasunaren inguruan duen mezuan sakontzeko.
Saioak azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an izango dira, Principe zineman, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak leihatilan bertan eskuratu ahal izango dira pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astelehenetik aurrera. Lehen filma, azaroaren 7koa, Litus izango da. Komedia dramatiko bat da. Talde bateko kide batek bere buruaz beste egin du, eta hiru hilabeteren ondoren berriz elkartuko dira lagunak. Bigarrena drama psikologiko bat izango da: No tengas miedo. Sexu abusuak sufritu zituen neska baten haurtzaroari buruzko filma da. Gazteak bere bizitza berregitea erabakiko du, iraganari lotutako guztiari aurre eginez.
Hilaren 21ean Un amor intranquilo filma emango dute. Familia elkarrekin mantentzeko ahaleginean dabilen bikote baten istorioa kontatzen du. Senarrak nahaste bipolarra du, eta zailtasunei aurre egiten saiatuko dira. Hilaren 28an amaituko da zikloa, El rey del barrio filmaren proiekzioarekin. Pete Davidson umoregile eta aktore estatubatuarrarengana hurbildu nahi du publikoa. Bere aita hil zenetik buru osasuneko arazoak dituen gaztea da protagonista.