Ertzaintzak etxe bat hutsarazi du Grosen
Bi herritarrek Azora putre funtsaren etxebizitza huts bat okupatu du Grosen, Galtzada Nagusiko 10. zenbakian. Etxebizitzaren alarmak jo egin du, eta Ertzaintza etxebizitza hustera joan da, eta 20 bat lagun elkartu dira kanpoaldean, etxe barruan zegoen jendeari babesa emateko. Hainbat ertzain etxebizitzan daudenekin hitz egitera igo dira, eta kalean dauden herritarrekin ere hitz egin dute. Etxebizitzaren kanpoaldean zegoen herritarretako bat gutxienez ere identifikatu dute, argazkiak egiten ari zela.
Ertzainek istiluetan erabiltzen dituzten kaskoak eta ezkutuak jantzi dituzte, herritarrak jarrera baketsuan izan arren. Hogei bat ertzain izan dira horrela jantzita, eta beste lauzpabost goian. Herritarren kontra jo dute ertzainek, borrekin, herritarrek jarrera baketsua erakutsi duten arren. IRUTXULOKO HITZAko kazetari bat ere borraz kolpatu du Ertzaintzak, nahiz eta ertzainak bultzaka hasi direnean kazetari moduan identifikatu duen bere burua.
Azkenean, Ertzaintzak etxebizitzaren barruan zegoen jendea bota du. Etxebizitzan zegoen lagun batek azaldu duenez, poliziak atea indarrez bota du, eta haiek ere lurrera bota dituzte. Kaleratzearen ondoren, berriz ere herritarren kontra jo du Ertzaintzak.
Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzera deitu du gaurko, 20:00etarako, Katalunia plazan. Elkarretaratzea egingo dute “etxegabetzeen kontra eta desmerkantilizazioaren alde”.
Gogoratu behar da Azora putre funtsak Groseko bi bizilagun etxegabetu zituela martxoan, Grosen bertan, Ategorrieta kalean: Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibel senar-emazteak.