Groseko kaleratzea salatzeko mobilizazioa egin dute
Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak deituta, hainbat lagun mobilizatu dira asteazken iluntzean Grosen, eguerdian auzoan gertatutako etxe kaleratzea salatzeko. “Auzoa ez dago salgai!” oihu artean egin dute mobilizazioa, Katalunia plazatik abiatuta. Hustea legez kanpokoa izan dela salatu dute.
Izan ere, goizean, Azora putre funtsak Galtzada Nagusiko 10. zenbakian duen etxebizitza bat okupatu dute bi gaztek. Etxebizitzaren alarmak jo egin du, eta Ertzaintza etxebizitza hustera joan da. Indarrez hustu du etxea, atea botaz eta bi gazteak lurrera botaz. Kalean zeuden herritarren aurka ere oldartu da Ertzaintza, horietako hainbat eta IRUTXULOKO HITZA-ko kazetari bat borraz kolpatuz. Azkenean, etxebizitzan zeuden gazteak kaleratu egin ditu Ertzaintzak.