Mikel San Argimiro presoaren espetxeratzea salatu dute Donostian
Sare Herritarrak deituta, hamarnaka lagunek manifestazioa egin dute asteazken iluntzean Donostian, Mikel San Argimiro Isasa preso donostiarra espetxera itzuli arazi dutela salatzeko. San Argimirok 20 urte eta erdi daramatza preso, eta 2021. urtearen hasieran, bere zigorraren hiru laurdenak bete zituen. Iaz Euskal Herriratu zuten; Soriako kartzelatik eraman zuten Martuteneko kartzelara. Aste honetara arte, kalean zen, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarren graduarekin, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak Fiskaltzaren helegitea onartu du, eta bigarren gradura pasatu du berriz ere donostiarra, Martuteneko espetxera itzuli araziz.
Bulebarretik abiatu da mobilizazioa, 19:00etan, eta Erdialdeko kaleetatik ibili ostean, Bulebarrean bertan bukatu da, Etxerako bidean oztoporik ez! Mikel etxera lelopean. Inaxio Oiarzabal Sareko kideak adierazpenak egin ditu manifestazioa hasi aurretik, eta Argimiroren egoera “salatzera” joan direla nabarmendu du, duela bi aste Xabier Atristain preso donostiarraren kasuaren harira egin zuten moduan. Izan ere, duela gutxi, Atristain ere espetxera itzuli arazi dute, San Argimiroren egoera berean. Era berean, Oiarzabalek gogorarazi du “gaur bertan “Aitor Esnaola Legorretako presoa ere kartzelara itzuli arazi dutela, San Argimiroren egoera berean”.
Horrela, Auzitegi Nazionaleko fiskalaren jarrera kritikatu du Oiarzabalek: “Argi dago helegiteak etorkizuneko irtenbiderako bidean ematen ari diren pausoak oztopatu nahi dituela, eta iraganera begiratu arazi nahi gaituela. Guk argi daukagu atzerapauso hauek salatzen eta aurrerapausoak aldarrikatzen jarraitu behar dugula, eta oraindik lan asko daukagula egiteko. Orain arte egin dugun moduan, lan hori kalean eta erakundeetan egin behar dugula”.
Era berean, gogorarazi du Donostiako Udalak erakunde adierazpen bat plazaratu duela Atristainen kasuaren harira, EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren babesarekin, “Atristainen egoeraren inguruko kezka zabaltzeko eta gertatutakoa salatzeko”. Horregatik, San Argimiroren kasuan ere bide hori jorratzera deitu du udala: “Espero dugu Mikelen kasuan udalak ere erantzun bera ematea, argi daukagulako horrelako erantzunak direla eraginkorrenak aurrerapausoekin jarraitzeko”. “Legeak jasotzen dituen baldintza guztiak betetzen dituzte hirugarren graduan egoteko, izan baldintzapeko askatasunean, lan baimenekin, eskumuturrekoarekin, edo dena delakoarekin. Hori da ireki behar den bidea”, gaineratu du.