"Buru osasunaren inguruko beldurrak eta tabuak hor daude oraindik"
Buruko osasuneko arazoei buruzko zineforuma egingo du Agifes elkarteak azaroko astelehenetan, Principe zineman. Agifeseko Veronica Pazos gizarte langileak zineforumaren inguruko nondik norakoak azaldu ditu.
Nolako lana egiten duzue Agifesen?
Elkartearen helburua orientazio espazio bat eskaintzea da, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonei eta euren senideei babesa emateko. Sortzen zaizkien beldurrei eta kezkei erantzuna ematen saiatzen gara, eta bizitzen ari diren prozesu horretan nola lagundu diezaiekegun aztertzen dugu. Familiei babes psikologikoa eskaintzen diegu eta horretarako taldeak antolatzen ditugu, bakarrik ez sentitzeko eta egoera berdinean dauden beste familia batzuekin esperientziak konpartitzeko. Bestalde, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonei babesa emateaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko zerbitzuen barruan dauden hainbat programa jartzen dizkiegu eskura: tutoretzapeko etxeak, errehabilitazio psikosozialeko zentroak, aisialdiko programak… Kolektiboaren beharrei erantzutea eta bizi kalitate duina izatea sustatzen dugu horien bidez.
Zenbat erabiltzaile dituzue?
1.000 bazkide inguru ditugu Gipuzkoa osoan, eta buru osasuneko arazoak dituzten 300 pertsona baino gehiagori ematen diegu laguntza ditugun programa desberdinen bidez. Normalean, erabiltzaileen %80 Donostia eta ingurukoak izaten dira. Eskualdeetara iristea gehiago kostatzen zaigu, baina baditugu tutoretzapeko etxeak, zentroak eta arreta pertsonala eskaintzeko zerbitzuak Eibarren eta Bergaran ere, besteak beste.
Azaroan buru osasun arazoen inguruko zineforuma egingo duzue. Zein da helburua?
Filmen bidez buru osasuneko arazoak ezagutarazi nahi ditugu, gaiaren inguruko mitoak eta uste ustelak apurtzeko. Buru osasunaren inguruko irudi errealago bat eman nahi dugu, eta gizartera gerturatu. Aukeratu ditugun pelikulek buru osasuneko arazoen inguruko benetako mezua ematen dutela uste dugu, eta pertsona eta familia askoren errealitatea islatzen dute.
Ez da zineforuma antolatzen duzuen lehenengo aldia. Nolako harrera izaten du?
Aurtengoa bederatzigarren urtea da. Azaroko lau astelehenetan egiten dugu, eta eskualdeetan ere antolatzen dugu zineforuma. Maiatzean Irunen egin genuen, eta beste urte batzuetan Eibarren egin izan dugu. Egia esan, sarrerak agortu egiten dira beti, eta Donostian hainbestetan errepikatu dugunez, jendeak egutegian apuntatuta duen zerbait da. Oso harrera ona izaten du, eta filmak amaitzean mahai inguru bat antolatzen dugu, psikologo batek dinamizatzen duena. Filmaren ondorioei buruz eta filmak gaitzat duen gaixotasunaren inguruan hitz egiten dugu mahai inguru horietan.
Nola aukeratzen dituzue filmak?
Sentsibilizazio batzorde bat dugu Agifesen, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonek, euren familiek eta Agifeseko hainbat langilek osatua. Buru osasuneko arazoen inguruko hainbat film proposatzen ditugu, bakoitzak bere etxean ikusten ditu eta denon artean eztabaidatzen dugu gure gogokoak zeintzuk diren eta errealitatea ondoen zeintzuk islatzen duten.
Zein gairi buruzko filmak ikusi ahal izango dira aurten?
Litusek suizidioa du mintzagai, No tengas miedok sexu abusuak, Un amor intranquilok nahaste bipolarra eta El rey del barriok ere buru osasuneko arazoen inguruan hitz egiten du.
Gai horiek gizartean interesa dutela uste duzu?
Uste dut azken urteetan buru osasunaren inguruko interesa areagotu egin dela, pandemiarekin pasa dugun guztiaren ondoren. Iruditzen zait jendeari gehiago ardura diola orain buru osasuna zaintzeak, baina oraindik ezjakintasun handia dago buru osasuneko arazoen inguruan. Beldurrak eta tabuak hor daude oraindik, eta gaiari ikusgarritasuna ematen jarraitu behar dugu.