Daniel Mate enpresari donostiarra da Euskal Herriko aberatsena
Forbes aldizkariak Espainiako Estatuko 2022ko 100 ondare handienen zerrenda argitaratu du, eta iaz gertatu zen moduan, Daniel Mate enpresari donostiarra da zerrenda horretako lehenengo euskal herritarra. Gainera zerrendan gora egin du Matek: iaz, estatuko hamargarren aberatsena zen, eta aurten seigarrena da. 3.100 milioi euroko ondarea du, iaz baino 900 milioi gehiago.
Glencore meatzaritza multinazionaleko akziodun nagusien artean hirugarrena da Mate, eta konpainiak alde izan du lehengai industrialen prezioek azkenengo bi urteetan izan duten igoera; horregatik, burtsan inoiz izandako baliorik handiena du gaur egun. Donostiarrak enpresa horretan duen parte hartzea 1.900 milioi euro handitu 2020tik hona: %320. Berez Donostiakoa bada ere, Suitzan bizi da 2013tik.
Euskal Herriko beste hainbat enpresari ere badaude estatuko 100 aberatsenen zerrenda horretan: Jose Maria Aristrain, Francisco eta Jon Riberas Mera anaiak, Fernando Romero, Juan Luis Arregi, Victor de Urrutia Vallejo eta Carmen Ibarra.
Ohiko legez, Amancio Ortega Inditex enpresaren sortzaile eta akziodun nagusia da zerrendako lehenengoa, 53.500 milioi euroko ondarearekin. Hala ere, azken urtean 13.500 milioi euro gutxitu da Ortegaren aberastasuna, Inditexek kapitalizazio galera izan duelako burtsan. Bigarren postuan bere alaba Sandra Ortega Merak jarraitzen du, 5.400 milioi euroko ondarearekin, baina iaz baino 900 milioi euro gutxiagoko ondarea du orain.