Donostia ospitaleko mediku batek onartu du bere lankideak aldageletan zelatatu zituela
Donostia ospitaleko gizon mediku batek ostegun honetan onartu du bere bi lankide zelatatu zituela aldageletan. Zehazki, zentroko sistema informatikoaren bidez zelatatu zituen, pandemian zehar aldi baterako emakumeentzako aldagela gisa gaitu zuten gela batean zeuden bitartean.
Hasiera batean, Gipuzkoako Fiskaltzak hiru urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen, baina gizonak akusazioak onartu ditu Donostiako epaitegietan egin duten saioan. Horrela, defentsa akordio batera iritsi da akusazio partikularrarekin eta Fiskaltzarekin, eta urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen dute orain medikuarentzat. Ordea, ez da kartzelan sartuko, hala zehaztu baitu epaileak, bi urteko epean beste deliturik ez egiteko baldintzarekin.
Bestalde, gizonak 1.440 euroko isun bat ordaindu behar izan du, eta biktima bakoitzari 4.000 euroko kalte ordainak ordaindu behar izan dizkio. Era berean, mediku gisa lan egiteko inhabilitazioa ezarri diote, zigorrak irauten duen bitartean.
Hamalau aldiz
Fiskaltzak epaiketan aurkeztutako dokumentuak dioenez, medikuak gutxienez “hamalau aldiz” zelatatu zituen lankideak 2020ko martxoaren 27tik 31ra, eta beste bi aldiz apirilean. Testuaren arabera, gizonak ekipamendu informatikoa manipulatu zuen, erabiltzen ari zela “ezkutatzeko”, gailuaren kamera eta mikrofonoa martxan zeudela adierazten zuen argizko lekukoa estaliz. Zehazten denez, gizonak “elkarrizketen edukia eta biktimen intimitatea ezagutu” nahi izan zituen, kaltedunen “irudiak eta soinua urrunetik eskuratuz”. Gizonak “langileak beren lanaldian sartu eta lehen orduetan” atzeman zituen irudi horiek.