Jolasa eta umorea, bizitza errazteko erreminta onenak
Gaixorik dauden haurren bizitza "independenteagoa eta autonomoagoa" izan dadin hasi zen lanean Algaraklown pailazo elkartea duela hamar urte, Donostia Ospitalean. Ordutik, irribarrearen ahalmena eta emozioen lanketa sustatzen jarraitu dute, ospitalean ez ezik, baita Gipuzkoako zahar etxeetan ere, eta Eusko Jaurlaritzak euren lana aitortu berri du dekretu bidez.
Gaztetatik du gustuko clowna Saioa Aizpuruk, Egian bizi den errenteriarrak (1978). 20 urte zituela murgildu zen formakuntza horretan, eta bere bidean izan dituen beste ikasketa batzuk clownarekin erlazionatuz (hala nola, terapeuta, psikomotrizista, ipuin-kontalaria eta antzezlea) lortu du Algaraklown elkarteko presidentea izateaz gain, Pantxineta eta Ortentxi pailazoei bizia ematea.
Algaraklownek hamar urte bete ditu aurten, eta, Aizpururen arabera, bidea luzea izateaz gain, ez da erraza izan. “Boluntario gisa hasi ginen taldea sortzen, pailazoak bilatzen, haiei formakuntza eskaintzen, eta pixkanaka ospitalean bisitak egiten. Hasieran, hamabostean behin joaten ginen taldearen sortzaileok, gainerakoek oraindik ez zeukatelako nahikoa formakuntza. Eta horrela, pixkanaka, lortu dugu ospitalera astean hiru egunez joatea: pediatriako geletara, onkologikora, ebakuntza geletara, itxaron geletara eta zaintza intentsiboetan dagoen jendearengana”, azaldu du.
Ospitaleko pailazoek ospitalean euren lekua aurkitzea ere erronka bat izan zen. “Hamar urte hauetan ospitaleko langileekin harremana izatea ere lortu dugu. Izan ere, hasieran pixka bat arraro begiratzen ziguten pailazoek ospitalean zer egiten zuten ez zutelako oso ondo ulertzen, baina pixkanaka integratzen joan gara, eta guztion artean elkarlana lortu dugu”, adierazi du Aizpuruk.
Eta ospitaletik atera eta Gipuzkoako zahar etxeetara ere iritsi da Algaraklown. “Hasieran bisita puntualak egiten genituen, eta gero Geriatriklown izeneko programa berri bat jarri genuen martxan. Psikologoak egoitzako hamar pertsona inguru aukeratzen zituen beraien beharren arabera, eta horiekin astero egiten genuen lan. Oso ondo funtzionatu izan du”, gogoratu du.
Algaraklownen ibilbideari eta etorkizunari buruzko erreportaje osoa bihar irakurri ahal izango duzue astekarian eta irutxulo.hitza.eus webgunean.