Ana Malagoni eman diote Zilarrezko Euskadi Saria
Idazle donostiarraren 'Ez dakit zertaz ari zaren' liburuagatik saritu du Gipuzkoako Liburu denden Elkarteak.
Horrenbeste berritasunen artean, gertatu ohi da argitalpen batzuk oharkabean pasatzea, eta merezi duten aitortzarik ez izatea. Horregatik, Gipuzkoako liburu-saltzaileek Zilarrezko Euskadi Saria ematen dute iaz argitaratutako bi lani. “Altxorrak erreskatatu nahi ditugu, gure ustez bere unean merezi zuten aintzatespena jaso ez zuten lanak, bigarren aukera bat emateko, eta horrelako lanen alde egiten duten argitaletxeak balioesteko”.
Narratibaren kategoriako Zilarrezko Euskadi saria egokitu zaio Ana Malagoni (Donostia, 1978), iaz argitaratu zuen Ez dakit zertaz ari zaren (Elkar) liburua hautatu dute eta. Azaroaren 9an, 10:00etan, Erdialdeko Zubieta liburu-dendan emango diote saria. Euskaraz argitaratutako lanen artean hautatu dute. Gaztelaniazko lanen artean, Delphine de Viganen Las gratitudes (Anagrama) aukeratu dute.
Hamabost ipuinek osatzen dute Malagonen liburua, eta istorio horietan zehar gaur egungo gizartean bizi dugun errealitatea islatzen du egileak, ironia ukitu batekin. Jorratzen diren gai nagusienak lan, familia edota bikote harremanei lotuta daude. “Narrazio hauetako egoerak oso errealak egingo zaizkigu, gure ingurukoek nahiz guk geuk bizitakoak baitira asko. Horregatik, irakurleak pertsonaiekin nolabaiteko enpatia sentitzea lortzen du Anak. Aipagarriak dira erabiltzen dituen estilo eta erritmoa ere. Ana Malagonek lortu du egoera gordin eta dramatikotzat ditugun horiek arintasunez kontatzea, baina zehaztasunik galdu gabe”, azaldu dute ohar baten bidez. Gipuzkoako liburu-dendek aitortza egin nahi diote sari honekin Ana Malagonek gaurkotasuneko gaiak literaturara ekartzeko duen gaitasunari eta baita horiek kontatzeko duen moduari.
Komikiaren eta Liburu Ilustratuaren kategoriako Zilarrezko Euskadi saria, berriz, Teresa Valerori eman diote, Norma argitaletxearekin argitaratutako Contrapaso. Los hijos de los otros komikiarengatik. Azaroaren 16an emango diote saria, 10:00etan, Donostiako Armageddon komiki dendan.