Donostiako gerriko berde-urdina orain
Txuri-urdinak izatea oso ongi dago, baina guk berde-urdina defendatzen dugu, biodibertsitatea, eta gelditzen zaigun ondare naturala babestuko duen sare erako oinarrizko egitura ekologikoa, gerriko berde-urdinaz inguratua. Plan Orokor berriak jaso behar luke. Merezi du, ezta?

Ez da aldarrikapen berria, baina hura egi bilakatzeko unea iritsi dela uste dugu. Gainean dugun eta, tamalez, geuk, gizakiok, eragin dugun krisialdi ekologikoari aurre egiteko ezinbestean urrats irmoak eta sendoak egin behar ditugu orain arteko kontrako norantzan, gelditzen zaigun natur ondarea zorrozki babestuz, kaltetutako eremuak lehengoratuz eta berreskuratuz, eta ingurune naturala konektatuz, horretarako sare berde-urdina osatuz. Nazio Batuek adosturikoa Biodibertsitatea 2030 Estrategian, Europako Batasunak bere egin du, eta, handitik txikira, orokorretik tokikora, guri, denoi, dagokigu betetzea dibertsitate biologikoa kontserbatuko badugu eta geure etorkizuna bera ere kolokan jarri nahi ez badugu.
Beste hainbatetan adierazi dugu: ongi da Amazonia edo koral arrezifeak defendatzea, baina hemen eta orain, tokian tokiko erabakiak behar ditugu. Eta haiek hartzeko ausardia. Gerriko berdearena ez da eskaera berria, eta gertuko itsasoa babestearen alde agertu gara beti. Haritzaldek 30 urte hauetan nagusiki berdearen, lehorraren, kontserbazio aktiboari ekin badio ere, urdina hastapenetatik defendatu dugu, hirian ardatz dugun Urumea ibaitik hasita eta Ondarretako itsasaldien arteko zabalgunetik jarraituta. Horrela, 2002an Aranzadirekin batera eginiko Donostiako Biodibertsitatearen inguruko itsasoko natur-balioak agerian utzi genituen eta kanpaina ugaritan Ondarretako Tenis eta Santa Klara Uhartearen arteko arroken zabalgunean itsas-biodibertsitatearen inguruko sentsibilizazioa landu dugu eginiko txangoen, erakusketa eta hitzaldien bitartez.
Ondarroa 12 milia
Haritzalde Elkartea bat dator Ondarroa 12 Milia plataformarekin eta handik eginiko proposamenarekin; eta gure egin dugu jendaurrean: Euskal Herriko Kostaldean Babestutako Itsas Eremua sortzeko proposamena, 12 miliakoa hain zuzen ere. Horren barruan tresneria suntsitzaileak dituzten ontzien debekua eskatzen da, sektorearen erregulazioa bultzatuz, bertan soilik artisau-arrantza baimenduz, hau da, sare txikiak, amuak, nasak eta antzekoak erabiltzen dituztenak. Plataforma kontinentalaren barnean bioaniztasun handiko guneak izan ziren, (eta arrantzarako leku onak!) eta ekimenaren bidez, horien etorkizuna bermatu nahi da. Haritzalden uste dugu erregulazio horren barruan gune zehatz eta jakin batzuk zorrozki babestuta behar luketela, arrantza ere debekatuz, baina zaintza eta kontrola eremu osora zabalduz, aurretik izandako sarraskiak saiheste aldera.
Haritzaldek Donostia mailan itsas eremua babesteko eskaera aspaldian luzatu zien erakundeei eta udalari kontserbazio eremuak bultzatzeko eskatu dio behin eta berriz, Ingurumen Kontseiluak berak ekimenarekin bat egin zuelarik. Hortik etorri ziren Uliako Kontserbazio Bereziko Eremua mendian zein itsasora zabaltzeko proposamena formala eta Mendizorrotz-Igeldo-Santa Klaran itsasoa ere hartuko lukeen naturagune berria sortzekoa, hots, han ere Kontserbazio Bereziko Eremua eratzea, itsasoa barneratuz.
Europako Natura 2000 Sarea eta korridore berdeak
Donostiak baditu lursailak Europak babestutako naturagune ezberdinetan, hala nola Artikutzan (Nafarroan), Erreka Beltz eta Oberan Aiako Harria Parke Naturalean eta Ulian eta guk zabaltzea eskatu dugu, Landarbaso Aiako Harrian barneratuz, Ulia hegoalderantz eta itsaso aldera zabalduz, eta, azaldu bezala, Mendizorrotzen Kontserbazio Bereziko Eremua berria sortuz. Landarbasokoa Ingurumen Aholku Kontseiluak eskatuta udal gobernuak bere egin zuen, udalbatzak berak aho batez onartu zuelarik. Dozenatik gora urte igaro dira ordutik eta aipaturiko lursaila ez da oraindik sartu naturagunean. Ulertezina, ezta? Egungo agertoki kezkagarriak urratsak azeleratuko dituela pentsatu nahi dugu.
Biodibertsitatearen kontserbazioa bermatu nahi badugu, sare berde-urdina sustatu behar dugu, ezin baitugu uharte isolatuak diren naturaguneak soilik babestu. Babes hori beste berdegune askotara zabaldu dugu, horien arteko lotuneak bilatuz eta eratuz. Urak berebiziko garrantzia du, geza eta gazia, ibaiak, erreka eta errekastoak, hezeguneak, padurak, errioa, itsasoa… Korridore berdeak behar ditugu, Europa mailakoak, baina eskualde mailakoak eta tokikoak ere bai. Donostiako gerriko berde-urdina udalerriko natur hezurdura nagusia litzateke.
Auditz Akular, Antondegi eta Belartza
Abian jarri berri den hiriko Plan Orokorraren berrikusketa eta idatziko den berria gakoa da. Mehatxuak, tamalez, hor daude, ez dira desagertu, baina baikorrak izan nahi dugu, aldaketarako aukera paregabea izan baitaiteke. Aipatutako itsas eremuarekin batera gerriko berdea blindatu behar dugu; esaterako, Auditz Akular, Antondegi eta Belartza Goikoa babestuz eta Landa Parke izendatuz. Hasieran adierazi dugun bezala, ekintzarako unea iritsi da. Ekin diezaiogun!