Donostiako merkataritza txikiari ikusgarritasuna emateko webgunea sortu dute
Ba Gera elkarteak webgune bat sortu du hiriko merkataritza eta zerbitzuen eskaintza erakusteko. Tokiko merkataritzaren ezagutza erraztea eta kontsumitzaileengana hurbiltzea dira helburu nagusienak.
300 establezimendu baino gehiago daude webgunean, eta bakoitzak du bere orria. Auzoka eta sektoreka antolatu dituzte, saltokiak bilatzeko eta auzo bakoitzeko merkataritza eskaintza zabaltzeko. Horrela, Altza, Larratxo, Intxaurrondo, Amara, Amara, Loiolako Erribera, Antigua, Ondarreta, Bentaberri, Erdialdea, Egia, Gros eta Parte Zaharra auzoetan dagoen merkataritza eskaintzari buruzko informazioa bildu dute.
Horrez gain, bezeroei erosketa esperientzia hobetzeko zerbitzuak eskaintzen dizkiote atariaren bidez. Zerbitzu aipagarrienak dira etxez etxeko banaketa, online salmenta eta whatsapp bidezko erosketa. Atal horietan azkar aurki daitezke zerbitzu horiek eskaintzen dituzten establezimenduak eta horiek emateko baldintzak.
Ba Gerak adierazi duenez, webgunea proiektu bizia da, eta hiriko establezimendu guztiei irekia. Proiektuarekin bat egin nahi duten saltokiek helbide honetara idatz dezakete: info@bagera.eu.