Ehunka hondakin atera dituzte Urumea ibaitik
Surfrider elkarteak, Arrauning elkarteak eta Aldundiaren Ingurumen sailak antolatuta, hainbat lagun elkartu ziren urriaren 23an, Urumeatik zaborra ateratzeko. Kanoan ibili ziren Urumeako uretan, eta Plastic Origins izeneko aplikazio baten bidez, aurkitutako zabor guztiak klasifikatu zituzten. Guztira hogeitabost bat lagun aritu ziren ibaia garbitzen. Hondakin industrialak, plastiko zatiak, elikagaientzako edukiontziak, botilak… Askotariko hondakinak aurkitu zituztela adierazi du Surfrider elkarteak.
Azaroaren 8an hondakinen inguruko beste jarduera bat egingo dute Tabakaleran, Impact Hub-en egoitzan, 19:30ean. Itsasoak eta ibaiak babesteko lanean ari diren hainbat eragile elkarrizketatuko ditu Surfrider elkarteak. Jarduera honetara joango dira Begi Bistan enpresako kideak. Surfriderrekin batera, mikroplastikoen inguruko proiektu batean ari da lanean: Surfing for science. Ekitaldia irekia izango da.