Gros auzoko etxeak husteko prozesua salatu du EH Bilduk
Kaleratzeak Stop plataformak eta Azorako maizterrek salatu dutenez, Azora funts putreak Groseko hainbat familia etxegabetu nahi ditu, Segundo Izpizua 2, Berminghan 1 eta Zabaleta 55 etxebizitzetan. Gutxienez zortzi familiak jaso dute Azoraren burofaxa, non kontratuak amaitu direla eta etxebizitzak azaroaren 30etik abenduaren 31ra utzi behar direla jakinarazten zaien.
Hutsik geratzen diren etxebizitzak berriz ere ez alokatzeko erabakia hartu du Azorak. Aipatutako plataformen arabera, Azorak gaur egun Gros auzoan, gutxienez, hogei etxebizitza hutsik mantentzen ditu.
Etxegabetze horien ondorioz, Groseko 30 familia inguruk beren etxebizitzak utzi eta auzotik alde egin beharko dute.
Azken urteotan, Gros izan da biztanleria-galera handiena izan duen auzoetako bat. “INEren arabera, pasa den hamarkadan Grosek bizilagunen %6 galdu zuen, Donostiak biztanleria irabazten zuen bitartean. Eta hamarkada honen hasieran prozesu hori azkartzen ari da (azken datua 2020koa da, Grosek beste 177 biztanle galdu zituenean). Kanporatze fenomeno horren atzean dago, zalantzarik gabe, azken urteotako alokairu-prezioaren igoera; izan ere, 2022ko urrian, alokairua 17,7 euro metro koadroko da Grosen, Idealista.com atariaren arabera (Donostiako batez bestekoa 16,1 euro metro koadroko da, inoizko altuena). Horrek esan nahi du Grosen 90 metro koadroko etxebizitza bat alokatzea, gaur egun, 1.593 euro kostatzen dela hilean”, azaldu du EH Bilduk ohar baten bidez.
Era berean, adierazi du Grosen ez dagoela babes publikoko etxebizitza bakar bat ere, eta, aldiz, pisu turistikoen pilaketa “neurrigabea” dela.
EH Bilduren proposamena, baztertuta
Bestalde, aipatutako plataformek gogorarazi dute Donostiako Udalbatzak Azorari buruzko mozio bat onartu zuela 2021eko irailean. “Mozio horretan eskatzen zitzaion Udal Gobernuari kudeaketak egin zitzala Azorak zituen alokairuak berritzeko politikarekin jarrai zezan”, adierazi du EH Bilduk.
2022ko irailaren 27ko Bozeramaileen Batzordean, ordea, baztertu egin zen funts putreak Donostian ez direla ongietorriak eta non grato izendatzea eskatzen zuen EH Bilduren proposamena, EAJren abstentzioari eta PP eta PSEren aurkako botoei esker.
Horiek horrela, EH Bilduk jakinarazi du gaur ekimen bat erregistratu duela alkateari azalpenak eskatzeko, 2021eko osoko bilkuraren agindua betetzeko egin ari den kudeaketei buruz galdetzeko, eta azaldu dezan zer egingo duen Gros Auzoan etxebizitzen funtzio soziala bermatzeko eta herritarrak bere auzoan bizi eta zahartu ahal izateko.
“Era berean, Azora funtsak dituen etxebizitzak erabilera turistikora pasatzeko baimena ematen ari den ala ez argitzeko eskatuko diogu Goiari”, zehaztu dute.