Jolasa eta umorea, osasuna hobetzeko oinarrizko osagaiak
Gaixorik dauden haurren bizitza "independenteagoa eta autonomoagoa" izan dadin hasi zen lanean Algaraklown pailazo elkartea duela hamar urte, Donostia Ospitalean. Ordutik, irribarrearen ahalmena eta emozioen lanketa sustatzen jarraitu dute, ospitalean ez ezik, baita Gipuzkoako zahar etxeetan ere, eta Eusko Jaurlaritzak euren lana aitortu berri du dekretu bidez. Taldea geldirik dago orain, baina urtarrilean berriro martxan jartzea aurreikusten dute.
Gaztetatik du gustuko clowna Saioa Aizpuruk, Egian bizi den errenteriarrak (1978). 20 urte zituela murgildu zen formakuntza horretan, eta bere bidean izan dituen beste ikasketa batzuk clownarekin erlazionatuz (hala nola, terapeuta, psikomotrizista, ipuin-kontalaria eta antzezlea) lortu du Algaraklown elkarteko presidentea izateaz gain, Pantxineta eta Ortentxi pailazoei bizia ematea.
Algaraklownek hamar urte bete ditu aurten, eta, Aizpururen arabera, bidea luzea izateaz gain, ez da erraza izan. “Boluntario gisa hasi ginen taldea sortzen, pailazoak bilatzen, haiei formakuntza eskaintzen, eta pixkanaka ospitalean bisitak egiten. Hasieran, hamabostean behin joaten ginen taldearen sortzaileok, gainerakoek oraindik ez zeukatelako nahikoa formakuntza. Eta horrela, pixkanaka, lortu dugu ospitalera astean hiru egunez joatea: pediatriako geletara, onkologikora, ebakuntza geletara, itxaron geletara eta zaintza intentsiboetan dagoen jendearengana”, azaldu du.
Ospitaleko pailazoek ospitalean euren lekua aurkitzea ere erronka bat izan zen. “Hamar urte hauetan ospitaleko langileekin harremana izatea ere lortu dugu. Izan ere, hasieran pixka bat arraro begiratzen ziguten pailazoek ospitalean zer egiten zuten ez zutelako oso ondo ulertzen, baina pixkanaka integratzen joan gara, eta guztion artean elkarlana lortu dugu”, adierazi du Aizpuruk.
Eta ospitaletik atera eta Gipuzkoako zahar etxeetara ere iritsi da Algaraklown. “Hasieran bisita puntualak egiten genituen, eta gero Geriatriklown izeneko programa berri bat jarri genuen martxan. Psikologoak egoitzako hamar pertsona inguru aukeratzen zituen beraien beharren arabera, eta horiekin astero egiten genuen lan. Oso ondo funtzionatu izan du”, gogoratu du.
Gaur egun, hamar pertsona inguru dira taldean, baina Aizpururekin batera, Amparo de Miguel izan zen elkartearen beste sortzailea. “Madrilen ezagutu genuen elkar, ospitaleko clown formakuntza batean, eta biok ideia berdina genuen: Donostiako ospitalean pailazoak egotea zen gure ametsa. Konturatu ginen zein ondo funtzionatzen zuen horrek beste leku batzuetan, eta gu pailazoak ginenez, lan hori hemen egin nahi genuen. Donostiara ez ezik, proiektua Gipuzkoara ere zabaldu nahi genuen, eta horrela hasi ginen formakuntza jasotzen eta taldetxoa osatzen”, nabarmendu du Aizpuruk.
Taldekideen ikasketei dagokionez, clown formakuntza dago gehienen oinarrian. Arte ederrei eta arte eszenikoei lotuta daude asko, eta badira irakasleak ere, besteak beste. Aizpururentzat, clowna bizimodu bat da ia: “Nire ustez, clownak daukagun guztia eranzten laguntzen du, biluzten, berriz ere jakiteko nola jantzi nahi dugun. Ez inkontzienteki berriro ere janzteko, baizik eta nola jantzi nahi dugun erabakitzeko. Eta, noski, batzuetan ez da erraza izaten nolakoak garen onartzea eta amorrua ematen digun horretaz barre egitea, baina gure burua ezagutzea gero askatu ahal izateko, eta umorera eramateko, primerako osagaia iruditzen zait”.
Pailazoak ospitalean
Pailazoak binaka joaten dira ospitalera. Lehenik eta behin, pailazo jantzia janzten dute, eta harrerara joaten dira ospitalean dauden umeei buruzko informazioa eskatzeko. “Zer ume mota dagoen, zenbat denbora daraman, zer duen, emozionalki nola dagoen… Informazioa biltzen dugu gero ume horri ahalik eta harrera pertsonalizatuagoa egiteko. Informazio hori guztia, noski, gurasoen baimenarekin eskuratzen dugu. Datuen babesa sinatzen da. Gurasoei galdetzen zaie ea pailazoak gelatik pasatzea nahi duten, eta, hala ere, pailazook beti geletan baimena eskatzen dugu, garrantzitsua delako”, azaldu du Aizpuruk.
Izan ere, gerta daiteke une batez haurrek pailazoekin egon nahi izatea, eta gero inor ikusi nahi ez izatea. “Hasieran baietz esan bada, eta gero ezetz bada, ez da ezer gertatzen. Beraientzat garrantzitsua da ezetz ere esatea. Eta alderantziz ere gertatzen da, agian ezetz esan dute eta gero nahi izaten dute”, adierazi du.
Haur bakoitzaren egoerara moldatzea zaila dela dio Aizpuruk, ospitalean Pantxineta gisa ezaguna denak, baina horretarako prestatzen dira. “Hilean behin, larunbat goiz osoa pasatzen dugu entrenatzen. Binaka funtzionatzen dugu, baina beti ez dugu bikotekide berbera izaten. Beraz, oso garrantzitsua da beste pailazoak ezagutzea eta proposamen berriak jasotzea”, zehaztu du.
Beraien lana inprobisazioarekin oso lotuta dagoela azaldu du: “Umea momentu horretan nola dagoen ikusi eta entzuten dugu, eta horrela ohartzen gara egiten ari garen horrek funtzionatzen duen edo ez. Umeari arreta berezia jartzen diogu, baina radarrak ditugu ikusteko familia edo ondoan dagoena nola dagoen”. Zentzu horretan, adierazi du batzuetan errazagoa dela pertsona helduarekin hastea gero umea jokoan sartzeko, erosoago dagoelako. “Askotan proposamen batekin sartzen gara gelara, baina horrek ez du esan nahi proposamen horrekin jarraituko dugunik bukaeraraino. Beti dago inprobisaziora jotzeko aukera hori”, esan du.
Gaixorik eta ospitalean badaude ere, haurrek handik ihes egiteko gogoa izaten dute. Horretarako, hainbat trikimailu erabiltzen dituzte pailazoek. “Batzuetan fantasiazko leiho bat erabiltzen dugu eta nonbaitera bidatzen dugu, eta beste batzuetan, besterik gabe, abestiekin elkarren arteko kolaborazio bat lortzen dugu. Haurrei entzuten diegu, eta elkarrekin jostatzen gara”, azaldu du.
Pailazoentzat lan aberasgarria da. “Bestela ez genuke egingo”, nabarmendu du. Pailazoek asko ematen dute, baina baita jaso ere. “Energia asko uzten dugu ospitalean, baina ikusten dugu energia hori zein baliagarria den beraientzat. Eta, aldi berean, zein aberasgarria den guretzat ere. Azkenean, egiten dugun lan hau bestearentzat aberasgarri izateak ere badu bere buelta. Neketsua da, noski, eta, batzuetan, duzun egunaren arabera, jakin behar da gauza txarrak alboratzen. Horretarako daukazu beste pailazoa ere, guztia elkarrekin egiteko”, zehaztu du.
Ospitalea, gehienetan, ez da toki alaia izaten, eta bizitako guztia bihotzean eramaten dute pailazoek, “bakoitzak ahal duen moduan”. Hala ere, hilabetero saioak egiten dituzte Tamara Arroyo psikologoarekin. “Gure barrua askatzen dugu berarekin, eta gure emozioak ateratzen ditugu. Taldean askatu eta konpartitzen ditugu gauzak, eta asko gustatzen zaigu hori”, azaldu du.
9.708 musu eta besarkada
Hamar urte hauetan Gipuzkoako zahar etxeetako 9.708 egoiliar eta langilerekin ere izan dira Algaraklownekoak. Adinekoekin edo haurrekin egotea oso desberdina dela dio Aizpuruk, egoitzetan Ortentxi bihurtzen denak. “Jakin behar da ume batek jolas mota batzuk dituela adinaren arabera, eta helduek beste batzuk. Adinak bizi esperientzia handia dakar berarekin, eta gure jolasa bizi esperientzia horretatik joango da. Umeek, aldiz, ez dute hainbesteko bizi esperientziarik, eta ez da gauza bera 2 edo 16 urteko ume baten ulermen maila. Beraz, gauza horiek kontuan hartuta jolasa egokitzea izaten da gure lana”, azaldu du.
Normalean, jendeak beso irekiekin hartzen omen ditu pailazoak, “gogoz”. Eta, Aizpururen arabera, pailazoak batzuetan ez dira kontziente egiten duten lanaz. “Batzuetan ez gara konturatzen, baina beste batzuetan bai. Bat-batean, kalean norbaitekin topo egiten duzu, ezagutu egiten zaitu, eta esaten dizu beraien alaba oraindik gogoratzen dela ospitalean berarekin gelan egon ginenekoa. Orduan konturatzen zara jendeari ekarpena egiten diozula. Ez dakigu inoiz zer den uzten duguna; badakigu zerbait uzten dugula, baina ez dakigu uzten dugun hori batzuetan zenbaterainokoa den. Eta feedback hori jasotzen dugunean izugarria izaten da”, aitortu du.
Izan ere, beraien lanean kontuz ibili behar dutela dio Aizpuruk: “Clown lana ez da beti berbera izaten. Gu gaixoengana goaz, eta normalean publikoa joaten da ikuskizunetara, antzerkiak edo pailazoak ikustera. Lan honetan kontuz ibili behar dugu, gu garelako beraien espazio batera joaten garenak. Baina, nahi baduzu, irekitzeko aukera ematen du. Beti ere beste pertsonak nahi badu, bestela hor ezin da ezer egin”.
Urtarrilean itzultzeko asmoz
Pandemiak Algaraklownen jarduna etetea ekarri du, zoritxarrez. Presentzialki ezin lanik eginda gelditu ziren, baina bideo deiak egitea erabaki zuten. “Elkarteengana iritsi ginen, eta elkarlanean hasi ginen, baina horrek sekulako nekea ekarri zigun, eta ekonomikoki hutsik geratu gara. Ez ginen hainbeste jenderengana iristen bideo deien bidez, eta horrek diru laguntzak eskatzerako orduan eragina du. Beraz, aukera hori baliatu genuen gelditzeko eta gure proiektua berritzeko. Egia esan, Bat Bi ta Hiru enpresarekin harremanetan jarri ginen, eta beraiek lagundu digute pauso hau ematen”, azaldu du.
2022an proiektu berria lantzen aritu da Algaraklown, eta orain argi dute zer egin nahi duten. Gaur, 18:30ean, Amara Berriko Morlans ikastetxean egingo dute urtarriletik aurrera egingo dutenaren aurkezpena. “Martxan jartzen ari gara,baina jendearen laguntza behar dugu: bai ekonomikoa eta baita boluntarioa ere. Indar osoz jarraitu nahi dugu ospitaleetan eta egoitzetan irribarreak banatzen”, nabarmendu du.
Orain, gainera, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez aitortu du Algaraklownen lana, eta horrek “asko” suposatzen du eurentzat: “Oso pozik gaude, eta uste dugu aitorpen honek ikusgarriago egingo gaituela. Ez da egiten duguna guk bakarrik esatea, baita besteek ikustea ere”.
Laguntza ekonomikoa behar dute, “artea ere ordaindu egin behar delako”. Eusko Jaurlaritzaren aitorpenak enpresei dirua eskatzerakoan lagundu egingo diela uste dute. “Enpresek onura publikoa duen elkarte bati dirua ematen diotenean fiskalitatea desgrabatu egiten diete. Beraz, iruditzen zaigu aukera dagoela. Erakunde publikoei dirua eskatzen diegu, baina ez da nahikoa izaten. Gastu handia du gure lanbideak, pertsona asko ari gara lanean, eta dirua behar da. Orain arte emandakoa asko eskertzen dugu, baina gehiago behar dugu”, adierazi du Aizpuruk.
Abentura Gipuzkoa osoan zabaltzera doaz
Etorkizunerako zein erronka dituzten galdetuta, oso argi du erantzuna Aizpuruk: “Gipuzkoako egoitza eta ospitale guztietan irribarreak zabaltzen ibiltzea”. Orain Donostiako ospitalean dabiltza, baina beste eskualdeetako haur gaixoengana ere joan nahiko lukete, beraiek ere pailazoez gozatzeko aukera izateko.
Hamar urte hauetan, Algaraklownekoak adinekoen egoitzetan milaka lagunekin egon dira, eta Donostiako Ospitalean 410 egunez egin dute lan (207 pediatrian, 111 egun kontsultetan eta 92 kirofanoan). Orain arteko ibilbidean lagun izan dituzten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete: pailazoei, kolaboratzaileei, ekonomikoki lagundu dieten guztiei, bazkideei eta eurengana gerturatu diren guztiei. “Honekin jarraitzea gustatuko litzaiguke, eta, ahal izanez gero, gehiagora iristea ere bai. Baina bueno, printzipioz, egindakoari eutsi nahi diogu, eta pixkanaka etortzen den lan guztia ongietorria izango da”, azaldu du Aizpuruk.
Beste hamar urte eta gehiago egin nahi dituzte Algaraklown elkarte gisa, ospitalez ospitale, eta egoitzaz egoitza, gizarte alaiago bat sortzen eta irribarreak banatzen. Eta badute azken amets bat ere, momentuz nahiko utopikoa eta zaila dena, baina Algaraklownek gogo handiz desio duena: “Ederra izango litzateke etorkizunean ospitalerik ez egotea eta gaixotasun guztiak sendatuta egotea. Orduan, kalean egingo genituzke gure ikuskizunak, jende guztiak ikus ditzan. Gure lana aldatu egingo litzateke, baina arrazoi bikain bategatik”.