Pobretzearen kontra eta eskubide sozialen alde
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Donostiako Udaletxearen aurrean. Etxebizitzaren arazoa eta turistifikazioaren gorakada salatzeko hainbat lagun elkartu ziren, Pobretzeari Stop! lelopean.
Donostian gertatzen diren etxegabetzeak salatu dituzte, eta baita gazteak auzoetatik kanporatzen ari direla ere, pisu turistikoen zabalkuntza lehenetsi nahi baita. Inbertsio funtsen eta jabe handien interesak babesten dira, herritarren interesen gainetik. Bildutakoek Groseko Basque Culinary Center berriaren irekiera bezalako proiektu handiak zalantzan jarri dituzte, elite baten errentagarritasunaren mesederako baitira.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldarrikapenen berri ere eman dute: etxegabetzeen debekua, desazkunde turistikoaren beharra, alokairu eta hipoteken prezioak mugatzea, eremu publikoaren merkantilizazioa gelditzea, herritarrekin parte hartze prozesu errealak egitea eta bazterketa sozialarekin amaitzea.
Datorren azaroaren 19an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Hegoaldeko lau hiriburuetan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deialdia ere egin dute.