"Uretara noanean, nire tartea da"
Ainhoa Tolosak (Intxaurrondo, 1981) 30 urte daramatza piraguan ibiltzen, eta 15 bat kayak surfean lehiatzen eta irabazten. Berriki, Munduko Txapelketa irabazi du Buden (Erresuma Batua), ontzi luzeko kategorian. Bost aldiz izan da dagoeneko munduko txapeldun. Orain, erronka berri bat dauka: waveskiko Munduko Txapelketa irabaztea.
Munduko Txapelketa irabazi berri duzu. Nola joan zen txapelketa?
Hasieran, gogorra izan zen, baldintzak ez zirelako batere onak: itsasoa oso mugituta zegoen, haize bolada handiak zeuden, eta abar. Iristean, egun bat edo bi baino ez dituzu entrenatzeko, eta egoerara egokitu behar zara: ondo egin behar duzu, bai ala bai.
Ontzi luzeko kategorian, lehenengo txanda oso gogorra izan zen, eta ez nuen gaizki egin, baina besteek pixka bat hobeto egin zuten. Beraz, kaleratua izan nintzen eta bigarren aukerara joan behar izan nuen. Hau da, bigarren aukeran lehiatu ondoren iritsi nintzen txapelketako garaile izatera.
Finalean, kristoren txanda egin nuen, eta Karate Chop mugimendua egin nuen, normalean neskek egiten ez dutena [olatua lehertzera doanean, kayak surflariak olatuan gora egin behar du, eta bertikalean 360 graduko bira bat eman, bukaeran piragua zuzenduz, ipurdiz erortzeko eta olatuan jarraitzeko]. Denbora asko neraman mugimendua entrenatzen, baina ez da erraza justu txapelketaren unean ateratzea. Zortea izan nuen, olatua aproposa zelako, eta horri esker irabazi nuen txapelketa.
Zergatik ez dute egiten neskek Karate Chop mugimendua?
Entrenamenduetan saiatzen gara eta egiten dugu, baina txapelketa batean ez zen inoiz ikusi orain arte. Horregatik, mugarri bat izan zen.
Euskal selekzioko beste hainbat kidek ere dominak lortu zituzten euren kategorietan.
Selekzioak maila handia dauka, arraunlari asko Nautikoko eskolatik datozelako. Entrenamenduak, entrenatzailea propioa eta jarraipen handia dauzkate. Txiki-txikitatik dakite zer den entrenatzea eta zer landu nahi duten. Gainera, asko laguntzen dute elkar, eta aurrerapauso handiak egin dituzte. Beste selekzioek ere hori bilatzen dute: eskola bat izatea. Izan ere, horrek profesionalizazioa dakar.
Ez da Munduko Txapelketa irabazten duzun lehenengo aldia, ezta?
Hainbat aldiz irabazi dut, bai. 2009an irabazi nuen estreinakoz, ontzi luzeko kategorian. 2011n, bigarren izan nintzen kategoria berean, eta, 2013an, berriz ere txapeldun. 2015ean txanda-pasa egin behar izan nuen ama izan nintzelako. 2017an ontzi laburreko kategorian irabazi nuen, 2019an ontzi luzekoan (laugarren izan nintzen laburrekoan), eta orain ere luzekoan irabazi dut eta hirugarren gelditu naiz laburrekoan.
Irabaztera ohituta egongo zara!
Egia esan, esperientzia daukat, bizitza guztia daramadalako lehiatzen.
Aurten, ontzi laburreko finaleko arantza gelditu zitzaidan, hirugarren gelditu nintzelako. Horretan ere finalera heldu nintzen, baina ia jarraian izan ziren ontzi luzeko eta laburreko finalak. Horregatik, ontzi laburreko finalera ia indarrik gabe iritsi nintzen. Horrela ere, pozik, txapela etxera etorri zelako: Olatz Garmendiak irabazi zuen.
Orain, surflariak eta pilotariak euskal selekzioarekin lehiatu ahalko dira. Zuek beti lehiatu zarete horrela?
Bai. Txapelketaren antolaketa desberdina delako: elkarte batek antolatzen du, bere kabuz. Galiziarrek ere euren selekzioarekin hartzen dute parte, Ingalaterrako selekzioa dago, Galeskoa, Eskoziakoa, eta abar. Espainian ez dagoenez selekziorik, euskal selekzioarekin Munduko Txapelketetan parte hartzeak aukera eman dezake agian Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko diru laguntzak lortzeko, etorkizunean gazteei laguntza gehiago eskaintzeko. Izan ere, kirol hau erabat amateurra da; gure poltsikotik jartzen dugu dirua. Batzuetan, babesleren bat lortzen dugunean, kristoren laguntza da materiala erosteko, baina ez da erraza. Hala ere, esan behar da euskal selekzioarekin zortea dugula, bidaiak federazioak ordaintzen dituelako.
2017an, amatasunarengatik lehiatzeari utzi ostean, munduko txapeldun izan zinen berriz. Erraz esaten da.
Haurdunaldian utzi nion entrenatzeari, baina umea eduki bezain laster, esan zidatenean hasi nintekeela entrenatzen, berriz hasi nintzen. Asko gustatzen zait entrenatzea eta fisikoki ondo mantentzea, asko laguntzen didalako. Gainera, txikiekin, oso lotuta zaude, eta uretara noanean, nire tartea da. Ordubete edo ordu eta erdi izango da, baina niretzat da. Terapia da, eta asko gozatzen dut.
Eskerrak nire bikotekidea ere kirolaria den, eta txandakatu egiten garen. Gaur zu zoaz uretara, eta bihar ni; edo, ni goizean goiz esnatuko naiz eta lanera joan aurretik entrenatuko naiz. Izan ere, gorputz hezkuntzako irakaslea naiz, eta beraz, lanetik ateratzean ezinezkoa da entrenatzera joatea. Horregatik, goizean goiz joaten naiz, 10:00etarako amatxo lanetan egoteko. Gero, asteburuetan, errazagoa da. Antolaketa kontua da.
Zurriolan entrenatzen zara?
Bai, baina oso masifikatuta dago. Denbora pixka bat gehiago dudanean, saiatzen naiz beste nonbaitera joaten: Zarautzera, Hendaiara edo, nire bikotekidea Lekeitiokoa denez, Lagara. Zurriolan jende gehiegi dabil: eslalom egiten joan behar duzu uretan, surflarien artean. Eta, udan zeresanik ez. Udan ez naiz ia Zurriolan sartu ere egiten. Gainera, arriskutsua da: ni irauli egiten banaiz, piragua nirekin dator, eta errazago kontrolatu dezaket. Surflariak erortzen direnean, aldiz, taulak urrutira joaten zaizkie, eta taularekin jo ahal zaituzte, piragua zulatu… Neguan ez da horrenbesterako, benetan surflariak direnak egoten direlako soilik, kontrolatzen dutenak.
Kayak surfak asko eboluzionatu du zu hasi zinenetik?
Aurrerapausoak eman dira, bai, eta gero eta jende gehiago dabil. Bestalde, jende askok ez daki kayak surfean askoz olatu gehiago hartzen direla surfean baino, arraunarekin zoazelako.
Lehiaketetan, gutxi gorabehera, betiko jende kopurua egoten da, baina asteburuetan lehen baino askoz jende gehiago ikusten duzu uretan. Eta, gero eta emakume gehiago dabiltza, baita ere. Gainera, maila handiarekin datoz; oso fin ibili behar dut, bestela berehala gaindituko bainaute.
Zer erronka dituzu orain?
Kayak surfaz gain, waveskian ere aritzen naiz, eta orain Kaliforniara [AEB] goaz Odei Etxeberria, Irati Bordagarai eta hirurok, Munduko Txapelketara [gaurtik hilaren 14ra arte da lehiaketa]. Hori bai, kasu honetan Espainiako selekzioarekin lehiatu behar gara. Lehenengo aldiz, hemendik bi neska goaz lehiatzera, eta badugu emaitza onak lortzeko itxaropenik, egia esan. Izan ere, hango olatua ideala da, poliki-poliki puskatzen den horietakoa, luze-luzea… Gu ohituta ez gauden horietakoa, hemen hartu bezain laster lehertzen baita. Beraz, gozatuko dugu, eta ea zer gertatzen den.
Kayak surf eskola propioa sortuko duzu noizbait?
Bere garaian, Lekeition eskola bat sortzen saiatu nintzen, baina, azkenean, ez zen posible izan. Hala ere, gustatuko litzaidake eskola bat irekitzea hemendik gertu, eta iritsiko da egunen batean.