Donostiako langabetuak kontratatzeko milioi bat euroko diru laguntza jaso du udalak
Lanbideren Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen Planak 1.252.926 euroko diru laguntza eman dio Donostiari langabezian dauden donostiarrak aldi baterako edo mugarik gabe kontratatzeko.
Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuorde Alfonso Gurpegik eta Sustapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotzi Marisol Garmendiak aurkeztu dituzte laguntza hauek Donostiako Udalean, eta hiriko langabeentzako lan aukerak garatzera bideratutako DSS22 Ekonomia Bultzatzeko Planaren barruan sartzen dira. Batez ere gazteei, emakumeei eta 55 urtetik gorakoei zuzenduta daude.
Lanbideren diru laguntza bi laguntza motatan banatzen da.
Kontrataziorako laguntzak
707.180,73 euroko aurrekontua dute, eta 2022an Donostiako langabetuei kontratu mugagabeak egiteko laguntzak dira. Kontratatutako pertsona, enpresa kontratatzailea eta lantokia Donostiakoak izan behar dira.
Hasierako laguntza 8.000 eurokoa izango da lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko, edo 4.000 eurokoa lanaldi erdia bada. Enpresa bakoitzak, gehienez, bi laguntza eska ditzake.
Langabeak 35 urte baino gutxiago edo 55 urte baino gehiago baditu, iraupen luzeko langabea bada edo DSBEa jasotzen badu, laguntza 10.000 eurokoa izango da lanaldi osorako, eta 5.000 eurokoa lanaldi erdirako.
Laguntzak telematikoki eska daitezke Donostia Sustapeneko webgunean eta eskabideak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 31n amaituko da.
Enplegua sustatzea
545.745,27 euroko aurrekontuarekin, laguntza honek Donostiako langabetuen enplegagarritasuna hobetzea du helburu, onura publikoko hainbat udal proiektutan integratuz, hiru eta sei hilabeteko iraupena duten lanaldi aldakorren kontratuen bidez.
Horrela, abenduaren 31 baino lehen, 44 langabe hainbat udal proiektutan sartuko direla jakinarazi dute. Horietatik 27 udalak kontratatutako ditu zuzenean, eta gainerako 17ak Gureak Garbitasuna enpresak, Donostia Sustapenak irabazi asmorik gabeko laneratzeko enpresa horrekin duen lankidetza hitzarmenari esker.
Gureak Garbitasuna enpresak kontratatutako 17 pertsonak udal instalazioen garbiketaz arduratuko dira. Udalak kontratatutako 27 pertsonek, berriz, udal departamentu desberdinetan egingo dituzte lanak.