Literatura eta zinema izango ditu ardatz aurtengo Literaktum jaialdiak
Film bilakatu diren eleberriek beteko dute aurtengo Literaktum jaialdiko programazioaren zati garrantzitsuena, azaroaren 14tik 27ra. Donostian izango diren idazleen artean, ibilbide luzea izan eta beren hainbat eleberri film bihurtuta ikusi dituzten Eduardo Mendoza eta Lorenzo Silva daude. Baita Jesus Carrasco edo idazle moduan La señora March lanarekin estreinatu berri den Virginia Feito ere. Abdellah Taia idazle marokoarra Salbazioko armada eleberriaren idazle eta filmaren zuzendari moduan izandako esperientziaz arituko da. Gabriela Ibarra eta Angeles Gonzalez-Sinde, hurrenez hurren El comensalen idazle eta zuzendaria, ere izango dira literatura jaialdian eta baita Miren Gorrotxategi eta Jon Arretxe idazleak ere.
Literatura eta zinemaz haratago, beren lan berriez arituko dira Hector Abad, Isaac Rosa, Maria Oruña, eta baita Iban Zaldua ere, Literaktumek aurkezten du atalean.
Bestalde, Pio Baroja jaio zela 150 urte beteko dira aurten. Erakusketa batek eta Soledad Puertolas eta Luis Antonio de Villenaren arteko solasaldiak ekarriko dute gogora idazle donostiarra. Juan San Martin sortu zela ere, 100 urte bete dira ekainean. Oier San Martin semeak azalduko ditu aitak euskal literaturaren inguruan eginiko ekarpenak.
Erakusketak, antzerkia, bertso saio literarioa, errezitaldi musikatua, eta baita Zinemaldiaren Donostia Sarien inguruan Katixa Agirrek idatzitako lana ere izango dira Literaktumen. Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik izango dugun poesia irakurketa musikatu eta mahai inguruak eta James Joyceren Ulisesengan inspiratutako afariak ere osatuko dute programa, haurrentzako jarduerez betetako Literaktum Txikiaz gain.