Toshio Hosokawa konpositorea Donostian izango da aste honetan
Toshio Hosokawa konpositore japoniar ospetsuak Musikene bisitatuko du aste honetan. Azaroaren 9tik 12ra ikastetxeko ikasleek konposizio tailerra eta tailer instrumentala emango dituen konpositorearekin lan egiteko aukera izango dute.
Gainera, publikoak bere musika entzun ahal izango du, azaroaren 12an, 12:00etan, japoniarraren lanak eskainiko dituen ganbera musika kontzertu batean. Halaber, 18:00etan, konpositorearen inguruko mahai-ingurua egingo da. Bertan, Hosokawak berak parte hartuko du, baita bere musikan adituak direnek ere. Tito Ceccheriniren zuzendaritzapean, Musikene Orkestra Sinfonikoak 19:00etan eskainiko duen kontzertuaren atarikoa izango da jarduera hau. Topaketa honi esker, Hosokawaren Circulating Ocean lanaren estatu mailako estreinaldia entzun ahal izango da.
Hosokawaren bisita Konpositore handiak gertutik zikloaren baitan gauzatuko da, hain zuzen ere Musikenek Donostia2016 hiriburutzaren laguntzarekin azken hamarkadetako konpositore garrantzitsuenak modu oso, ludiko eta atseginean jendeari hurbiltzeko helburuz. Zikloa Helmut Lachenmann musikagile alemaniarraren bisitarekin hasi zen 2016an, eta nazioartean ospetsuak diren Peter Eötvös, Pascal Dusapin eta Kaija Saariahorekin jarraitu du.