Zimitz inbaditzaile bat Donostiara iritsi da
Parkea Bizirik elkarteak ohartarazi duenez, zimitz kirastu marroiak (Halyomorpha halys) Gipuzkoako hainbat udalerritan hartu du aterpe. Donostia da horietako bat, eta hiriko hainbat leku eta etxebizitzan agertu da intsektu inbaditzailea.
Asian du jatorria, eta Txilen, Argentinan eta AEBetan, bestak beste, izurrite deklaratu dute. “Eraikinen arrailduretan, etxe eta autoen barnealdean edota hiriko zuhaitzen izerdia xurgatuz ikus dezakegu. Herrialde horietako batek ere ez du desagerraraztea lortu”, dio Parkea Bizirikek.
Zuhaitz, landare apaingarri, fruta eta barazki espezie askoren hostoak jaten ditu. Intsektu laua da; 1,2-1,7 zentimetro luze eta 0,7-1,0 zentimetro zabal da. “Antenetan banda argiak eta ilunak txandakatzeagatik antzematen da. Sabelaldetik irteten den alde laua laukizuzen formako orban argiek markatzen dute, orban beltzekin tartekatuta”.
Urrian, bere populazio eztanda “agerian” geratu dela dio elkarteak; “nonahi hibernatzeko aterpe bila guztiok ikusi baitugu”. “Zirikatzen bazaio edo mehatxatuta sentitzen bada, usain gogaikarri eta iraunkorra isurtzen du; horren ondorioz, animaliak zein gizakiok urrundu egiten gara. Ez ditu ez pertsonak ez animaliak ziztatzen. Ohe zimitzak ez bezala, ez du odolik xurgatzen eta ez du ziztadarik eragiten”. Hori dela eta, ez da arriskutsua jendearentzat.
Zimitza etxean topatuz gero, urruntzeko gomendio bat eman du Parkea Bizirikek: “Katilu bat ur eta koilarakada bat usain iltze espeziaren olio esentzial nahasten eta ihinztatzen badugu, zimitza bere gordelekuetatik aterarazi eta urrunarazi dezakegu, espeziaren usaina batere gustuko ez duelako”.