Andoni Lubaki fotokazetariaren erakusketa izango da Aiete Kultur Etxean
Andoni Lubakik Ukrainan egindako argazkiak erakutsiko ditu Aiete Kultur Etxean, azaroaren 11tik urtarrilaren 22ra. Ukraina: Aro berriko guda zaharra lelopean, Errusia eta Ukrainaren arteko talkaren sorreratik gaur egunera arte izandako bilakaera aztertzen da bertan. Erakusketak 2014. urtetik 2022ko inbasiora arte bi aldeetako irudiak jasotzen ditu, gaur egun dagoen egoeraren irakurketa kritiko bat egitera gonbidatzen dutenak.
Erakusketa egunkari edo eguneroko baten moduan egituratuta dago. “Gertuko begirada bat ezinbestekoa da irakurketa kritiko bat egin ahal izateko eta, askotan, hedabideek eragotzi egiten dute gatazketako biktimekiko gertutasuna. Zenbaki huts bihurtzen dira. Zuri edo beltzean ikustera bultzatzen gaituzte, bitarteko gris tonalitate desberdinak existitzen direla ezkutatuz”, azaldu dute erakusketaren antolatzaileek.
Estetika “oso berezia” duten argazkiak ikusi ahalko dira erakusketa honetan, zuri beltzean eta formatu handian.
Andoni Lubaki
Magreben eta Ekialde Hurbilean aritzen den fotokazetaria da. Azken hamar urteotan hango gertakizun nagusiak jarraitu eta jorratu ditu, hala nola, Gara, Argia, AP, AFP, The Middle East Eye, New York Times, Newsweek eta The Guardian hedabideentzat.
Lubakik jasotako sarien artean daude, Chris Hondros, Picture of the Year eta 2019an irabazi dituen bi domina Moscow International Foto Awards ospetsuan, Rojavan egindako lanagatik.
Erakusketak
Erakusketak, gainera, Lubakiren eskutik egingo diren bisita gidatuak eskainiko ditu. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta aldez aurretik izena eman beharko da lekua erreserbatzeko lankidetza@donostia.eus helbidera idatzita edo 943-48 14 71 telefonora deituz.
Lehenengo bisita gidatuak azaroaren 11n izango dira (17:00etan euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz), eta beste saioak azaroaren 15ean egingo dituzte (17:00etan gaztelaniaz eta 18:30ean euskaraz).