Behobia-Donostia lasterketan parte hartuko dutenen %28,81 emakumeak izango dira
Igande honetan egingo da 57. Behobia-Donostia lasterketa, eta inoiz baino emakume gehiagok hartuko dute parte. 29.732 parte hartzaile izango dira guztira, eta, horietatik %28,81 emakumeak izango dira, 8.566 pertsona alegia. Iazko datuekin alderatuz, hiru puntu baino gehiago hazi da emakumeen kopurua, izan ere, lehengo urtean %25,58 izan baitziren.
Iñigo Etxeberria koordinatzaileak aurkeztu du aurtengo Behobia-Donostia lasterketa Pio Baroja kiroldegian gaur egin duten prentsaurreko batean, eta, azaldu duenez, parte hartzaile gehienak Kataluniakoak izango dira (6.478 lagun). Gipuzkoarrak 5.788 korrikalari dira, eta Donostiakoak 2.299 (587 gizon eta 1.712 emakume). Orotara, 33 herrialderako korrikalariak izango dira frogan.
Hogei kilometroko ibilbidea izango da, bi malda garrantzitsurekin: Gaintxurizketa gainera doana (7. kilometroan) eta Mirakruz Gainera doana (17. kilometroan). Hauez gain, hainbat igoera eta jaitsiera txikiago ere baditu, “baina ahalegina kudeatzerakoan kontutan hartu beharrekoak”, azaldu dute. Orotara 192 metroko igoera du.
Irteerari dagokionez, 9:30ean esku bizikletan doazenak aterako dira, bost minutu beranduago patinetan egingo dutenak, eta 9:55etatik aurrera gainerako parte hartzaileak. Orotara, hemeretzi txandatan aterako dira, eta azkenengoak 11:30ean aterako dira.
Ibilbidean zehar, zazpi hornidura puntu egongo dira, eta hirugarren eta bosgarren puntuetan (Gaintxurizketa eta Kaputxinoak) ura emateaz gain, edari isotonikoa, platanoak eta gozokiak egongo dira.
Gogokoenak
Aurtengo lasterketa “edonork” irabazi dezakeela adierazi dute, aukera “oso zabala” izango baita. Gizonezkoen artean, Chakib Lachgar, Jesus Olmos, Mohamed Bakkali eta iazko garailea, Eneko Agirrezabal, aipatu dituzte. Emakumezkoetan aldiz, Elena Silvestre, Mireia Guarner eta Pilar Fernandez dira irabazle posibleak. “Hala ere, parte hartzea oso zabala denez, ez gara ausartzen horietako norbaitek irabaziko duela baieztatzera”, esan dute.
Tenperatura beroa
Tenperaturari dagokionez, 14 eta 19 gradu artean espero dira iganderako, eta litekeena da hego haizea izatea. Horregatik, Etxeberriak “adi egoteko” eskatu die parte hartzaileei.
Korrikalariek bero kolpeak jasan ditzaketela azaldu du koordinatzaileak, “nahiz eta orain arte egin duen eguraldi beroarekin ohituta egon”. Batez ere, bero kolpeak jasateko arrisku gehien dituztenak 20 eta 40 urte arteko atletak direla jakinarazi du, “beraien marka propioa haustera joaten direnak”. Hori saihesteko, erritmoa kontrolatzea eta ondo hidratatzea gomendatu du, eta, freskatzeko, hamabosgarren kilometroan dutxak egongo direla jakinarazi du.