EH Bilduk dio udal gobernua hotelen lizentzia berriak mugatzeko neurriak atzeratzen ari dela
Maria Inmaculada ikastetxeko eta Mariaren Bihotza eraikineko hotelen proiektuak kautelaz eteteko eskatu dute.
Erabilera tertziarioko eraikinak hotel bihurtzeko lizentziak mugatu nahi ditu udal gobernuak. Horretarako, Plan Orokorra aldatu behar da, eta aldaketa hori egiteko azterlan bat adjudikatuko dute lehiaketa publiko baten bidez. Bi urteko epea ezarri dute azterlana osatzeko. EH Bilduk udal gobernuaren erabakia kritikatu du, hotelen ugaritzea mugatzeko neurriak atzeratuko dituelako.
Aukeratutako adjudikazio motak prozedura “lau edo sei hilabete” atzeratuko duela ohartarazi du Ricardo Burutaran zinegoztiak: “Ez du zentzurik lan hau azpikontratatzeak, udaletxean gaitasun tekniko nahikoa duten langileak daudelako. Lan hau udal teknikariekin egiteko erabakiak nabarmen murriztuko lituzke epeak. Hori ez da bigarren mailako kontu bat, honen bidez lizentzia berriak bertan behera uzteko aukera dagoelako. Hau da, lizentziak eten daitezke Plan Orokorraren aldaketa baten hasierako onespenaren ondoren”.
Burutaranen ustez, Goiaren “benetako borondatea” kautelazko neurri horiek “atzeratzea” da. “Are gehiago, azken dei moduko bat egiten ari da Donostian hotel bat ezarri nahi duten guztientzat. Horregatik, Goia jaunari eskatzen diogu izapide guztiak ahalik eta gehien arin ditzala Donostian hotelei eta gainerako turismo ostatu berriei lizentziak kautelaz bertan behera uzteko. Urrats hori denboran atzeratzeak, Goiak nahi duen bezala, egoera okertu baino ez du egingo”.
Maria Inmaculada eta Mariaren Bihotza
Lizentzien kautelazko eteteak Groseko bi hirigintza proiekturi eragin diezaiekeela nabarmendu du Burutaranek. Maria Inmaculada ikastetxeko sustatzaileek orube horretan hotel bat, supermerkatu bat, aparkaleku bat eta Lanbide Heziketako zentro bat jartzea aurreikusi zutela gogoratu du. Ordea, Hirigintzak planari argi berdea eman eta hurrengo egunean, zentroa ikasleen egoitza batengatik aldatu zutela gaineratu du. “Egoitza hori hotel gisa erabil daiteke kudeatzaileek hala erabakitzen badute. Orain, udal gobernua sustatzaileekin negoziatzen ari omen da egoitzara bideratutako lursailari bizitegi erabilera emateko. Eta zergatik ez hotelarena?”.
Mariaren Bihotzaren eraikinari dagokionez, tramitazioa motelago doala esan du Burutaranek: “Bi proiektu horietako batek ere ez du lizentzia eskatu oraindik, eta horrek udal gobernuari esku hartzeko aukera ematen dio, esan bezala, horretarako borondate politikorik balego”.
20.000 plaza
Azken bi legealditan, udal gobernuak 50 hotel berri eta beste turismo ostatu mota batzuk irekitzeko baimena eman duela dio EH Bilduk. “Alkatetzara iritsi zenean 8.000 plaza turistiko inguru zeuden hirian, eta, duela gutxi Turismo zinegotziak ziurtatu zuen 2024an 20.000 inguru egongo direla, martxan dauden proiektu guztiak bukatzen direnean. Hau da, mugarik gabeko turistifikazio eredu bat bultzatu da, etxebizitzaren prezioen etengabeko garestitzeari estuki lotuta dagoena, eta, ondorioz, gero eta donostiar gehiagok kanpora joan behar izan dute bizitzera”, azaldu du Burutaranek.