Nola da Donostian lanera bizikletaz joatea?
Bizikletaz joaten zara lantokira? Autoz? Autobusez? Kalapie Txirrindularien elkarteak proba bat egin du, eta lantokira bizikletaz egindako bidea grabatu du: bideo batean jaso du Amarako Pio XII.aren biribilgunetik Zuatzura bizikletaz egindako bidea. Eta lanera joaterakoan aurkitu dituzten oztopoak eta bestelako arriskuak seinalatu dituzte, eta hobekuntzak proposatu. Ondorio nagusia izan da, egun, zati hau bizikletaz egitea deserosoa dela, eta txirrindularientzako segurtasun falta nabarmena dela.
Ibilbidearen luzera 3,31 kilometrokoa izan da, eta 18 minutu eta 27 segundo behar izan dituzte Zuatzura iristeko. Orohar, semaforoetako itxaron denbora oso handia izan dela ondorioztatu du Kalapiek. Amaratik Zuatzura bidean 5 minutu eta 9 segundo egon dira geldirik, semaforoa berdea jarri arte. Errondo pasealekuko zebrabideko semaforoan, oinezkoek zein txirrindulariek botoia sakatu behar dute igaro ahal izateko, eta gune honetan bereziki, itxaron beharreko denbora gehiegizkoa iruditu zaie. Gainera, nabaritu dute zirkulazio handia dabilela puntako orduetan, eta autoak askotan zebrabidean geratzen direla geldirik.
Morlansko tuneletik jarraitu dute ibilbidea, eta irteeran, Lugaritzeko tren geltokitik pasatzerakoan, gune arriskutsu bat identifikatu dute. Ikuspen gutxiko puntu bat dela uste dute, eta kontrako noranzkoan doazen bizikleten aurka jotzeko arrisku handia dagoela.
Ondoren, Lugaritzeko pasealekuan, zebrabideak ez daude bizikletentzako egokituta, eta, beraz, zati hau oinez egitera derrigortuta daude. Gero, Errotaburuko biribilgunetik aurrera, ez dago bidegorririk. Tolosako etorbidea igaro ondoren, Zuatzurantz joateko aukera bakarra da zati bat oinez egitea, eta ondoren errepidetik jarraitzea. Gainera, salatu dute Errotaburuko semaforoak ibilgailuen zirkulazioan oinarrituta jarri dituztela, eta, beraz, oinezkoek eta txirrindulariek denbora gehiago itxaron behar dutela. Errotaburu pasealekuan, Zuatzura igotzeko aldapan, igoerako errepidea zabala denez, autoek abiadura handia hartzen dutela nabaritu dute, eta, ondorioz, txirrindularientzako segurtasun falta handia dela. Hemen, galtzada txikitzea eta albo batean bidegorria egitea proposatu dute.
Bidegorriaren egoera, zati batzuetan, kaskarra dela adierazi du Kalapiek: Morlansen, tanatorioaren aurreko zatian, Morlansko tunelaren sarreran eta Lugaritz pasealekuaren jaitsieran. Aparkalekuetako batean, Fegemuren ondoan dagoen aparkalekuan, mantentze lanak behar direla azaldu dute, zuhaixkek aparkatzeko espazioaren zati bat hartu baitute.