Zubietako erraustegia "lehenbailehen" gelditzeko eskatuko dute hilaren 27an
GuraSOS elkarteak Zubietako erraustegiaren aurkako manifestaziora deitu du hilaren 27rako. Kursaaletik abiatuko da 12:00etan, eta Zurriolako itsas ibilbidetik jarraituz, Saguesen bukatuko da.
Manifestazioaren aurkezpena gaur egin dute Saguesen, eta manifestu bat irakurri dute egoera salatzeko. “Erraustegia abian da duela bi urtetatik, eta orain arte kezka zirenak, errealitate gordin bihurtu dira: suteak noiznahi; aldagailu nagusia erre egin dute eta berria ekarri behar izan dute; arazoak dituzte labeetan; arazoak elektrizitatea ekoizteko eta, okerrena, arazoak kutsadurarekin”, salatu dute.
Arkaitzerrekan izandako isurketak azaldu dituzte, eta inguruko lurretan maila handiko kutsadura agertu dela adierazi dute. “Lur azpiko uretan dioxinak eta furanoak azaldu dira (kutsadura larriaren maila 62 aldiz gainditu arte), metal astunak, amonioa, kloruroak… Aireko isurketek ere dozenaka aldiz gainditu dute gehieneko maila”, nabarmendu dute.
GuraSOSek pasa den astean jakinarazi zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) obra hidrauliko bat egiteko baimena eskatu diola Uraren Euskal Agentziari. “Emari toxikoa Añarbeko hondakin uren sarera bidali nahi dute, Monpas-Sagues aldean, Zurriolako hondartza inguruan isurtzeko asmoz”, azaldu dute. Errealitate horri ezin zaiola “muzin egin” aldarrikatu dute: “Gelditu erraustegia kutsadura arazo larri hauen jatorria identifikatu eta konpondu arte; erraustegiaren funtzionamendu okerra aztertu eta konpondu izanaren bermeak izan arte”.
Jende guztia gonbidatu dute manifestazioan parte hartzera, eta deialdiak babes handia jaso duela azaldu dute: Eguzki, Ekologistak Martxan edo Greenpeace talde ekologistak; CCOO, ELA eta LAB sindikatuak; Ulia eta Gros auzoko (Hondarpe) bizilagunen elkarteak; Groseko Indarra surf elkarteak; Juanmari Etxabe eta Igor Makatzaga entrenatzaileak, Sarai Lizaso eta Iñaki Errasti arraunlariak, Axi Muniain surflariak, Kristina Solano musikariak, Andoni Bastarria eskultoreak eta Gorka Otxoa aktoreak babestu dute manifestazioa, besteak beste.